IBILALDIAK Lizarrusti parkea
Ibilbide tematikoak Begiak bizkor Aralar mendilerroan
Lizarrusti Parketxeak prestatutako ekimenen artean ibilbide tematikoak dira nagusi. Lehena, hegaztiena, hilaren 15ean egingo da. Mitologia, arkeologia eta mikologia jorratuko dituzte gainontzeko ateraldietan
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Mendia, zorionez, alde askotatik har daiteke. Hots, mendiak makina bat adar eskaintzen ditu. Oro har, gehien erakartzen duena kirol ikuspuntua da. Badira esaten dutenak garai hauetan adar handi horrek beste adaxka batzuk itzalpean utzi dituela. Jakina da XXI. mendean garela, eta ikusmoldeak asko aldatu direla. Adibidez, erromantikoen garaia, kontenplazioarena, non ote da?
Egungo garaira itzuliz gero, gero eta gehiago ohartuko gara gizarteak daraman abiadura mendian barneratu dela. Korrika egitea dela, martxa bizian ibiltzea dela... Norberaren hautua da, eta kito. Baina badira mendia, paisaia eta natura beste era batera begiratzen dutenak ere. Naturak zein mendiak eskaintzen dituen alor asko jaso eta haiei begira jartzen dira, eta horietako batzuk Lizarrusti Parketxeko arduradunak ditugu.
Hitz gutxitan esanda, ibilaldi gidatuei edo tematikoei buruz ari gatzaizkizue. Nahiz eta maiztasun handirik gabe, azken bi urteotan horretan jardun du aipatutako erakundeak. Aurten, berriz, beste urrats bat egin nahi izan du eta egutegi osoa antolatu du. Kolore askoko gai interesgarriak -mendiak eskaintzen dituenak, jakina- aukeratu dituzte ibilaldi horietarako: hegaztiak, ura, espeleologia, artzantza, astronomia, mendi irteera soilak, trikuharriak, mikologia, argazki ibilaldia eta mitologia.
Lehenengo irteera pasa den iganderako iragarrita zegoen. Hegaztiak ikuskatzera joatekoak ziren Mikel Olano basozaina eta ornitologoaren eskutik. Baina, zoritxarrez, eguraldiak ez zuen batere lagundu. Behe lainoa eta euria nagusitu ziren eta horrela bada, hegaztiak ikusteko aukerak erabat desegin ziren. Hala ere, hainbat lagun bildu eta gaiari buruz, hamaiketako baten aitzakian, hitz egin zuten. Baldintza kaskar horiek direla eta, arduradunek aipatutako irteera hilaren 15era atzeratu dute.
Eskaintza zabala
Nahiz eta egituratze lanetan diharduen, irakurtzen den legez, Lizarrustiko Parketxea gogoz ari da lanean: «Barne egituraketa lanetan eta bereziki dibulgazio lanetan buru belarri izango bagara, informazio bulegoa ireki eta ordutegi jakin bat indarrean jarri dugu urte osorako. Zerbitzuaren egoitza Ataungo San Gregorio auzoko plazan da; hain zuzen ere, pasa den igandetik aurrera. Ordutegia, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara bitartekoa izango da astelehenetik igandera. Nahiz eta informazio bulegoa eta beste zenbait ekimen aurrera eramango diren, ez da bisitari eta naturzaleei zuzendutako urtea izango. Une honetan, azken bi urteotan martxan jarri genituen eta harrera ona izan zuten hainbat ekimen dinamikari heldu nahi izan diogu, ibilaldi tematikoena kasu. Horrela, urte osorako programa osatu dugu».
Arestian aipatu dugun legez, lehenengo hitzordua 15ean izango da eta hurrengoa, berriz, 22an egingo da. Gaia ura izango da. Aralarko hidrologia aztertuko da Lizarrustitik Zaldibira doan ibilaldia eginez. Zaldibian eraiki duten Uraren Interpretazio Zentrora bisita egingo da. Maiatzaren 13an, berriz, espeleologia izango dute ardatz. Felix Ugarte Espeleologia elkartekoarekin Arkaitz txiki haitzuloan sartuko dira.
Artzantza gai dutela, maiatzaren 27an artzainen bizitza aztertuko dute Enirio inguruko saroietan. Astronomiak, bestalde, bi egun izango ditu: ekainaren 16a eta 17a. Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia sailekoekin larunbata eta igandea arteko gau-irteeera egingo da. Gairik gabeko mendi irteera uztailaren 15ean ospatuko dute; Lizarrustitik irten eta 4-5 orduko txango erraza egingo da. Abuztuan ez da hitzordurik izango.
Joxean Mujika arkeologoak industen duen trikuharria bisitatuko dute irailaren 3an eta 9an. Mikologiaren atalak ere izango du bere txokoa, hain zuzen ere, urriaren 21ean. Eta azken bi irteerak honakoak izango dira. Lehena, argazki ibilaldia azaroaren 18an. Eta bigarrena, abenduaren 16an, Atauniker taldearen laguntzarekin mitologia izango dute hizpide egingo den irteeran. Egutegi erakargarri honi buruz informazio gehiago nahi duenarentzat, arestian aipatu dugun informazio bulegora jo dezake edo 690. 05. 58. 92. telefonora dei dezake.