GARA > Idatzia > Non Zer

Larzabal ezagutarazteko antzezlana eginen dute Donibane Garaziko lizeoko ikasleek

«Larzabal mugaz muga» du izena Izpurako Faustin Bentaberry aretoan apirilaren 5ean eta 6an emanen duten antzezlanak. Donibane Garaziko lizeoko antzerki taldeko ikasleek aurten Piarres Larzabal hobeki ezagutzeko aukera emanen duen lana estreinatuko dute. Ipar Euskal Herriko antzerki modernoaren sortzailea izan zena ezagutarazi nahi izan dute. Apaiz lanaz gain, Larzabalek 120 antzezlan idatzi zituen. «Piarres Larzabal idazle baino gehiago antzerki gizon handia izan zen. Taula gaina hor da beti lerroen artetik; ikusten dira pertsonaiak mugitzen; sentitzen da sala ttipien erretiro eta katarsia, mimesia dardarika», azaldu du antzerki ikasgelako irakasle Antton Lukuk. Larzabalen obra guztia bi orenez ematea izan zuten parioa hasieran. Baina eszena ederrak eta ezagunak gehiegi zirenez, bost ordu inguru irauten zuen antzezlanak; xedea aldatu zuen taldeak. «Larzabal mugaz muga» lanak idazlearen nortasuna erakusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo