Estitxu Martinez de Iturrate, Jose Mari Arrate eta Tasio Erkizia
Aberri Eguna: mugan dugu hitzordua
Historian zehar, egin diren ia Aberri Egun bateratu guztiak Udalbiltzari edo herri elkarteren bati esker antolatu dira. Hemendik aurrera ere bide berari jarraitu nahi diogu alderdien artean elkarlan iraunkorrean adostu aldera
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gizon eta emakume multzo batek Irungo Fikobatik Hendaiara martxa alai eta koloretsurako deialdia egin dugu. Ez da bat-batean pentsaturiko zerbait, iazko urtean ere ahalegin berezia egin baikenuen. Eta ez da gure asmakizuna ere. Aberri Eguna era bateratuan ospatzeko nahia eta ilusioa abertzale askoren artean oso hedaturik dagoen sentimendua delako eta bide horretan historian zehar hainbat saiakera egin direlako.
Aurreko udazkenean, Nazio Eztabaida Guneak urtero egiten duen bilkura orokorrean, berriro ere Aberri Egun bateratua bultzatu beharra azpimarratu zen eta agindu hori bete nahirik sentsibilitate politiko eta pentsakera anitzeko herritar talde zabala osatu da. Gure ustez, Udalbiltza da era honetako data batean deialdia egin beharko lukeena baina zoritxarrez ikusirik oraindik ere ez dela lortu instituzio nazionala bakarra bezala eratzea, guregain hartu genuen urratsak egiten hastea.
Eta dena martxan da. Deialdi zabala egiten saiatzen ari gara, kolore eta sentsibilitate ezberdinetako abertzaleak gustura sentitzeko modukoa. Aberri Eguna ospatzen duten alderdi eta sindikatu guztiei bizpahiru hilabete aurretik zehatz-mehatz informatu genien eta beraiek nahi duten erara parte hartzera gonbidatu ditugu. Jadanik publikoa egin den bezala, batzuek deialdiarekin bat egin dute, beste batzuek ordezkaritza bidaliko dutela esan digute eta dudan daudenentzat ere ateek zabalik jarraitzen dute.
Aberri Eguna: Nazio ospakizuna da. Alderdi abertzaleen artean ezberdintasunak egon badaudela ez dago ukatzerik. Euskal Herria ulertzeko modu ezberdinak eta kasu batzuetan nahiko kontraesankorrak ere direla begi bistakoa da. Baina Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko ez da bakoitzaren proiektu politikoari buruz ados jarri beharrik. Askoz oinarrizko eta aldi berean funtsezkoagoa dena dago jokoan: Nazioa garela sentitu, adierazi eta bizitzea. Eta gure uste apalean jai honen funtsa hori da: martxan dagoen HERRIA garela aldarrikatu eta ospatzea, alegia. Nolako nazioa baino lehenagoko galdera bati erantzuten diogu horrelakoetan: Espainia eta Frantziaren inposizioaren gainetik, Euskal Herriak Nazioa osatzen duela adieraztea. Nazio propio eta desberdin bateko kide garela aldarrikatzea.
Errealitateak garbi erakusten digu mundu guztiko estatu zein estaturik gabeko herriek bere izaera nabarmentzeko egun eta jai bereziak egiten dituztela. Frantziarrek, alemaniarrek zein irlandarrek ospatzen dituzte bere Nazio egunak, eta espainiarrek zer esanik ez. Beraien izaeraren defentsan mendeetan estatu propioa duten nazioek horrelako jaien beharrizana ikusten badute, nola ez dute ezinbestekoa izanen Euskal Herria bezala ukatuak eta besteen menpe mendeetan bizi diren herri zapalduek?
Abertzale deitzen diren alderdi guztiak, teorian behintzat, ados daude Naziotasunaren funtsezko oinarriekin: Euskal Herria zazpi herrialdeek osatzen dutela; euskal herritarren erabakiaren arabera eraiki behar dela gure etorkizuna eta Euskara dela gure hizkuntza pro- pioa. Besteak beste, horiek dira HERRI IZAERAREN muina. Baina hori teoria da. Praktikan eta gure egunerokotasunean maizegi espainol edo frantses gisara bizi gara. Gure «nazio kontzientzia» guztiz azalekoa eta folklorikoa da. Eta hain zuzen ere urteroko Aberri Eguna bezalako egun esanguratsuak horretarako behar dira: Gure NAZIOATASUNA aldarrikatu, sentitu eta abesteko.
Eli Gallastegik, Irlandako historian oinarriturik proposatu eta 1932. urtean Bilboko kaleetan PNV ospatzen hasi zenetik, alderdi politikoek protagonismo berezia izan dute Aberri Egunaren ospakizuna antolatzerakoan. Beraiek izan dira, banaka batzuetan elkarrekin eta ia beti bakoitzak bere aldetik, egun honen inguruan iniziatiba hartu dutenak. Baina azken urte hauetan, gero eta gehiago hedatzen ari da NAZIOTASUNAren EGUNA hobeki sinbolizatzeko bere antolakuntzan beste molde batzuek erabiltzea komeni den pentsakera eta ustea. Gutxienez Aberri Egunean NAZIO gisara agertzea ezinbestekoa egiten zaigu. Eta bide honetan urrats berriak egiteko ordua heldu dela deritzogu.
Historian zehar, egin diren ia Aberri Egun bateratu guztiak Udalbiltzari edo herri elkarteren bati esker antolatu dira. Hemendik aurrera ere bide berari jarraitu nahi diogu alderdien artean elkarlan iraun- korrean adostu aldera, Maltzagaraino bederen bidea batera egiteko ahaleginetan. Aurtengoak ez du kasu bakana izan nahi, aurrera begira inflexio puntua baizik. Aberri Eguna beste dinamika batean kokatu behar dugu eta jadanik finkatu behar da, ahalik eta modu zabalenean, NAZIOTASUNA aldarrikatzeko egun hori antolatzeko modu egokia. Nazioaren inguruko zenbait sinbolo ezin dira soilik alderdien baitan gelditu.
Eta azkenik esan, Aberri Egunaren karakterizazioa ez dela egoera politiko jakin baten araberakoa izan behar. NAZIO IZAERA sentitu eta bizitzea da abertzaletasunaren funtsa eta une zailenetan ere hori elkarrekin garatzea ezinbestekoa da. Edozein delarik ere egoera politikoa pentsakera ezberdinetako abertzaleak modu bateratuan Aberri Eguna ospatzeko aukera eskaini behar da. Oraingoz, zenbait alderdik «bere» modura ospatuko dute, baina urratsez urrats HERRIAREN EGUNA bihurtzea lortu behar da. Aurtengoa aurrerapauso «berritzailea» izan dadila.