GARA > Idatzia > Editoriala

Biolentzia ezean oinarrituriko prozesu demokratikoa

Inkomunikazioak dakarren ondorio nagusia pairatzen ari gara egunotan: euskal gizarteak ez du aukerarik izan zehatz-mehatz jakiteko zer gertatu zaien joan den astean atxilotu zituzten herritarrei. Informazio ukazioaren inguruan gizartearen intuizioak funtsezko balioa hartzen du. Hainbat arrazoirengatik intuizioa ganbaran gorde dute, tamalez, herri honetako agintariek, eta ez ikusiarena egin dute azken atxilotutakoek pairatu behar izan duten giza eskubideen urraketa dela-eta. Izan ere, oraingoz aske geratu den atxilotu bakarraren irudia -Auzitegi Nazionaletik errenka eta guztiz ahulduta atera zen Endika Zinzunegi- zirrara handia sentitzeko modukoa da.

Inkomunikazioak oihal ilun batekin estaltzen ditu pertsonak, horien izaera eta duintasuna erabat ezkutatu arte. Kontuan harturik giza eskubideez luze hitz egiten duten politikariek oraingo honetan hitz bat ere ez dutela erabili tortura arriskua salatzeko, oihalak itzal luzea duela -luzeegia- aitortu beharrean gaude. Biktima batzuen alde kanpainak antolatzen dituzten bulegoko arduradunek begiak guztiz itxita dauzkate. Iragarkian bezala, Lakuako Justizia Sailean Giza Eskubideen arloan lan egiten duten agintariek ez dituzte biktima horiek ikusten.

Inkomunikazioak ez digu uzten herritar xumeei itaunketa geletan gertatzen denari buruz informazio gardena izaten. Hala ere, bistan da erakunde publikoek zerbait egin dezaketela informazio zehatza izan dezagun. EAEko Legebiltzarrak Auzitegi Nazional espainola bertan behera uzteko eta inkomunikazioa salatzeko adierazpena onartu zuen joan den abenduan. Are gehiago, torturaren bidez lorturiko testigantzetan sustraituriko sumario guztiak itxi behar dituztela adierazi zuen. Zergatik, bada, Lakuako Gobernuaren bozeramailea ETAri soilik zuzendu zitzaion atzoko mezuan -bide batez Guardia Zibilak emandako bertsioa egiaztatu zuen- eta ez zuen aipamen txikiena ere egin atxilotutakoei ezarri dieten inkomunikazioari buruz?

Euskal Herria aro berri batean sartzear dago. Inkomunikazioa gainditu, eta konponbide prozesua aurrera eramateko aukera garbia da. Adostasun zabala dago prozesu erabakitzailea biolentzia ezean murgiltzeko. Giza eskubide urraketa guztiak desagerrarazteko konpromiso sendo eta askotarikoak hartzeko garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo