EAEko ekonomiaren hazkunde erritmo «sendoa" nabarmendu dute ganberek
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ganberen kalkuluen arabera, hiru herrialdeotako ekonomiak hazkunde sendoa izango du, Estatu espainolekoaren gainetik. Eraikuntzaren «sendotasun handia" eta industriaren «bizkortasuna" aipatu dituzte arrazoi nagusien artean.
GARA |
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ganberek hiru herrialdeotako ekonomiaren gaineko aurreikuspenak «onak» direla agertu zuten atzo. Europako ekonomia «suspertzen» ari dela aipatu zuten, eta Estatu espainolekoa «bizkorrenetariko bat» bada ere, EAEkoa «sendoago» agertzen dela esan zuten, «hazkundea Estatukoarena baino handiagoa» delako.
Baieztapen horren adierazle gisa, 2006an EAEko ekonomia %4,2 hazi zela aipatu zuten, eta tasa hori Estatu espainolekoa «baino hiru hamarren handiagoa» izan zela azaldu zuten.
Hiru herrialdeetako hazkundeak batez ere bi oinarri dituela esan zuten ganberek: «eraikuntza sektorearen sendotasun handia» eta industria sektorearen «bizkortasuna». Izan ere, lehenengoa %5,1 hazi dela jakinarazi zuten, nahiz eta 2005ean baino bi hamarren gutxiago izan; eta industriaren jokabideari dagokionez, izan duen hazkundea aurreko urtekoa baino lau hamarren handigoa izan dela aipatu zuten.
Ekonomiaren argazki horretan, zerbitzuen sektorea jaitsi dela aipatu zuten ganberek. Kanpo sektorerari dagokionez, analisiak esaten du, inportazioa esportazioa baino sendoago badago ere, 2005. urtearekin alderaturik, Barruko Produktu Gordinaren (BPG) hazkundeari egindako ekarpen negatiboa murriztu dela.
Produktibitate handia
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren joera positiboan, produktibitateak izan duen hazkundea nabarmendu zuten ganberek. Hazkunde horren oinarri ia bakarra industria dela adierazi zuten, eta lehenengo seihileko honetan antzeko joera espero dute, urteko bigarren erdirako «dezelerazioa» aurrez ikusten badute ere.
Zerbitzuen sektoreari dagokionez, gorantz egin badu ere; nekazaritza eta arrantza kenduta, hazkunde tasarik txikiena izan duela azaldu zuten.
Merkataritzan, salmentak hazi egin ziren urteko lehenengo erdian, baina bigarrenean «halako atzeratze» bat sumatu zela dio analisiak. Aisia-turismo sektorean, berriz, lau milioi bidaiariren muga gainditu dela eta gaua bertan igaro dutenen kopurua «nabarmen emendatu» dela esaten du.
Bilboko eta Pasaiako portuetako salgaien trafikoa hazi dela azaldu zuten, baita hegazkinez garraiatutako merkantziek «balio positiboak» izan dituztela.
Bestalde, Hego Euskal Herriko hiru herrialdeetako lan merkatuak «oso portaera ona» izan duela esan zuten; izan ere, langabeziaren tasa «%3,4koa baizik» ez dela nabarmendu zuten.
EAEko ganberen analisiak etxeetako kontsumoa «zertxobait moteldu» dela dio. Hala ere, agertu zuen kontsumoaren aurreikuspenek aurten hazkundearen erritmoa nabarmen handituko dela adierazten dutela.