GARA > Idatzia > Gutunak

joseba azpeitia eizagirre EHUko ikasle ohia

15 urte UPVtik kanpora

Martxoaren azkenean bete dira 15 urte UPVn irakasleria propioa defendatzeagatik bost irakasle kaleratu zituztela. Tarte horretan Juanjo Goiriena, Pello Salaburu, Manu Montero edo eta Juan Inazio Perez errektoreak pasa dira, eta guztiek utzi dute gainditu gabe hain garrantzitsua den konponbidearen ikasgaia.

Egunero, horrenbeste urtez, goizeko zortzietatik arratsaldeko bostak arte Leioako unibertsitate atarian izan dira pankarta eskuetan. Sasoi honetan horrenbeste aipatzen den klima aldaketari buruz, norbaitek berri zehatza ematekotan, irakasle kaleratu hauen ekarpena kontuan hartzeko modukoa iruditzen zait, egunerokoa beraien azalean zuzen-zuzen frogatu baitute.

Marka da gero, inoiz eskutan armarik hartu ez, eta hala eta guztiz ere askatasunaren paradigmatzat hartzen den unibertsitatean, irakasle hauek klase eta kolore guztietako poliziengandik jaso duten egurra. Gainera, bakearen aldeko talde nagusietako (Gesto por la paz, Elkarri...) sortzaile, ordezkari edo eta ideologoak ere hurbil izan dituzte, fisikoki bederen. Hori bai, ordezkari hauei, aldamenetik pasatzerakoan bakea eta konponbidea hitzak bat-batean ahazten zitzaizkien ikasgelara edo bulegora bidean.

Dagoeneko tesi bikain bat baino gehiago egiteko eman duen auzi honek konponbide justu eta duina eskatzen du. Errektore jauna eta arduradunak pasa daitezela hitz ederretatik ekintzetara.

Bitartean, besarkada bana irakasle kaleratuei urte hauetan guztietan erakutsitako duintasunagatik. Niretzat ohore bat izan zen eta halaxe izaten jarraitzen du kaleraturiko hiru irakasleren ikasle izate hutsak, ikasgela barnean adinako maila erakutsi baitidate ikasgelatik kanpora ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo