joseba aginagalde Arabako Ikastolen Federakundea
Bost egun, bost gau
Pasa den asteazkenean, Guardia Zibilek Oiongo San Bizente ikastolan lankide dugun Endika Zinkunegi atxilotu zuten. Ikastola taldean lankide garenon artean, harridura eta egonezina nabarmendu ziren.
Esan zigutenez, atxiloketa ikastolan bertan izan zen, bere ikasleen aurrean, Korrika 15eko lekukoa San Bizente ikastolak bere eskutan hartu behar zuen momentuan, festa eta algara, tregedia bihurtuz.
Izan ziren noski, atxiloketa ikastolekin lotu zutenak. Beste atxilotuen lantokien berririk ez. Aldiz, Endikaren kasuan, Oiongo ikastolako irakasle dela nabarmen.
Bost egun eta bost gau pasa ditu Endikak guardia zibilen eskuetan. Bost egun eta bost gau infernuan. Hala salatu du Endikak Espaniako Auzitegi Nazionaletik herrenka eta dardarka irten ondoren.
Eta orain zer? Endika libre dugu, baina, nork kenduko dizkio infernuko egunak? Nork leunduko dizkio zauriak? Eta nork azalduko die bere ikasleei gertatutakoa?
Endika gurekin da berriz ere. Denbora bat beharko du bere irribarrea eskuratzeko. Baina ez dezagun ahaztu gertatutakoa. Hau da gure salaketa.