GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irun-Hendaiako Aberri Eguneko deialdiarekin bat egin du ELAk

ELAren batzorde eragileak ontzat eman du herritar talde batek Aberri Egunerako prestatu duen Irundik Hendaiarako ibilaldia, deialdiak adierazten duen batasun nahia aintzat hartzekoa dela pentsatzen duelako. Sindikatu horretaz gain, bertze talde batzuek ere babestu dute kultura, politika, kirol eta gizarte arloko pertsona ezagunek sustatutako ospakizuna.

GARA |

«Egia da eragileoi dagokigula, eta ez beste inori, gure artean dugun zatiketa gainditu ahal izateko urratsak egitea. Halere, eragileon gaurko ezintasuna ikusita, uste dugu Aberri Egunerako ekimen honek euskal jendearen batasun nahia adierazteko eta euskal naziotasuna, lurraldetasuna eta etorkizuna gure esku hartzeko eskubidea eta borondatea aldarrikatzeko balio dezakeela», azaldu zuen atzo ELAk.

Sindikatu abertzalearen batzorde eragileak begi onez ikusi du kultura, kirol, gizarte eta politika arloko ordezkari ugarik heldu den iganderako deitutako ekitaldia. «Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku» lelopean Bidasoa ibaiaren bi aldeak lotzea da asmoa, eta ELAk berebiziko garrantzia ematen dio ospakizun horren batasun nahiari. Horregatik bidaliko du Nazio Batzordearen ordezkaritza Irundik Hendaiarako ibilbidea egitera, militanteak bestan parte hartzera animatzeaz gain.

ELAk bezala, Euskaria Fundazioak ere idatzi bat igorri zuen komunikabideetara, berak ere Aberri Eguna Bidasoa ibaiaren altzoan ospatuko duela jakinarazteko eta herritarrek osatutako «Zazpiak bat» taldeari babesa ematen diola adierazteko.

«Aspaldian atxikimendu gehien lortu duen Aberri Eguneko ekitaldia dugu datorren igandean Irundik Hendaiara joango den ibilaldia. Eta guk, abertzale guztion elkarlana bultzatzen dugun taldea izanik, babes osoa eman behar zaiola uste dugu», erran zuen Euskariak.

Une erabakigarria

Oraingo honetan euskal gatazkak dituen adierazpen bortitz guztiei bukaera emateko aukera sendoa dagoela pentsatzen du eta xede hori lortzeko lanean dihardu buru-belarri. «Egungo marko juridiko-politikoaren amaieraren atarian gauden honetan, ezinbestekoa dugu Euskal Herriaren nazio izaera onartzen dugun guztion arteko elkarlana eta akordio politikoa», ohartarazi zuen.

Maltzagako ekimena, Ficobako deialdia eta bertze hainbat egitasmo babestu nahi ditu fundazioak. Herritarrak mugiarazten saiatuko da, «prozesu demokratikoek parte-hartzea izan behar dutelako oinarri».

Igande goizeko hamaika eta erdietarako paratua dago hitzordua Ficoban, eta Euskaria han izanen da. Maltzagako Aldarria ezagutarazteko eta atxikimendu gehiago lortzeko aprobetxatuko du aukera, gainera. Joan den abenduaren 30ean testua plazaratu zutenetik, lehenbiziko aldiz bilduko dituzte sinadurak kalean, orain arteko 443 lagunen atxikimenduak harreman pertsonalen bitartez lortu baitituzte.

ESAIT eta Bai Euskal Herriari ekimenetako lagunek ere poza adierazi zuten: «Aberri Egunaren ospakizuna gerturatzen ari den honetan, aspaldiko partez, herritar talde batek sentsibilitate ezberdinak bilduko dituen deialdi bateratua egin du».

«Aurten, herri bezala, bere etorkizuna eskuetan hartzeko determinazioa duen nazio gisa, Aberri Eguna ospatzeko deia egin nahi diogu euskal jendarteari. Horregatik animatzen dugu jendea ikurrina kalera ateratzera. Apirilaren 8an etxe, plaza, kale eta mendietara ikurrina eramateko deia egiten dugu, bai eta Irundik Hendaiara eginen den herri martxan parte hartzeko ere», erran zuten Bai Euskal Herriari eta ESAIT taldeetako ordezkariek.

«Datorren apirilaren 8an Bidasoa ibaiari bultza egingo diogu, Euskal Herria nazioa dela dioen aldarria Kantauri itsaso luze-zabalean zabal dezan», azaldu zuten.

Aipatutako eragile horietaz gain, ANVk, LAB sindikatuak eta Udalbiltzak ere bat egiten dute Aberri Egunean Irun eta Hendaia lotzeko ekimenarekin.

herritarrak

Herritar talde bat izan da «Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku» lelopean Aberri Egun bateraturako deialdia egin duena. ELA, Euskaria, ESAIT, Bai Euskal Herriari, ANV, LAB eta Udalbiltza bestara joanen dira.

FICOBA

Hitzordua paratua dago: heldu den igandeko 11.30ean Irungo Ficoba eraikinean emanen diote hasiera nazio izaera aldarrikatzeko jaiari. Bidasoa ibaiaren bi aldeak lotuko dituen ibilbidea prestatu dute, Irundik Hendaiara.

batasun nahia

ELA kontent da ekimena baliagarria izan daitekeelako «euskal naziotasuna, lurraldetasuna eta etorkizuna gure esku hartzeko eskubidea aldarrikatzeko eta batasun nahia azaltzeko».

Udalbide celebrará el Aberri Eguna con un día de antelación

Udalbide ha anunciado que este año el acto que impulsará para celebrar el Aberri Eguna se desarrollará en el municipio vizcaino de Forua y el sábado, con un día antelación, a las 12.00 del mediodía.

La institución integrada por electos de PNV y EA ha informado de que celebrará la fiesta nacional el sábado porque, a su entender, «según la tradición el Aberri Eguna, el día de Euskal Herria y de los paisanos, se celebraba desde la víspera» y porque así, además, posibilita que los cargos electos y los ciudadanos puedan celebrarlo el domingo en su pueblo.

Por lo tanto, esta institución ha invitado a toda la ciudadanía a que participe en el acto que se desarrollará este sábado en la plaza de Forua. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo