GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizko gaztetxeak Udala sala dezatela eskatu du 19 urtez eginiko lana oroitzeko

Muinoko Etxeko Pailazo Eskolako Asanblada Gasteizko gaztetxeak «Udalensis Zirko Handiko pailazoek praktikatzen duten umore zakarra" salatu zuen, eta gasteiztarrei «beren ostia txarra" erakusteko deia egin zien.

GARA |

Gasteizko gaztetxeko kideek adierazi zuten Udalak Muinoko Etxea euren egoitza botatzeko duen asmoa gaitzesten dutela. «Udalensis Zirko Handitzat» jo zuten Udala, eta udal taldearen jarduera «umore zakar eta latz» baten modura definitu. Muinoko Etxeko Pailazo Eskolako Asanbladak egin zuen salaketa, eta handik aurrera «ostia txarren eta sudur beltzen greba» hasiko zutela adierazi zuten. Jarrera hori Udalari zuzentzen zaiola azaldu zuten. Gainerako hiritarrekin beti izan duten «alaitasun» eta «jarrera eraikitzailea» hortxe egongo dela argi utzi zuten, bestalde.

Alkatea eta udal-kideak «Alfofito, Maroto el de la Moto eta Jorgetxo Zankuduna» pailazoak gisa bataiatu zituzten, eta horiek «engainu ilunen bidez» beren etxea botatzeko egiten dituzten saiakerak gaitzetsi zituzten. Saiakera horien artean, gaztetxearen lekuan «Gasteizko bosgarren dorrea eraikitzea eta aparkaleku bat irekitzea» daudela jakinarazi zuten. Alkateak gaztetxearen inguruan egindako adierazpenak horiek aitzakiak bertzerik ez direla erakusten duela adierazi zuten. «Gustatzen ez zaidalako botako dut», erran omen zuen Alfonso Alonso Gasteizko alkateak.

Gazteen eta Pailazo Eskolako jarduerak amaitzeko erabilitako bertze tresna bat eraikinaren egoera txarra omen da. Pailazoek honakoa adierazi zuten: «Muinoko Etxeak inbidiagarria den osasunaz gozatzen du gaur, eta maiatzetik aurrera ere horrelaxe jarraituko du». Pailazo eskola duela 19 urte sortu zuten, eta geroztik nabarmen gelditu omen da Alde Zaharreko auzokideekin dituzten elkar ulertze eta bizikidetza ahalmenak. Beren lana «auzoa leku justuago, askotarikoago eta harremanetan aberatsagoa bihurtzean» oinarritu dela garbi utzi nahi izan zuten.

Gasteiztarrei deia

Muinoko Etxeari ez ezik, auzo guztiari egindako «pailazokeria makurrak» izan direla esan zuten. Erraterako, «beren poltsikoak betetzeko Alde Zaharrean egindako birgaitze lanak». Hala, herritarren ongizaterako eskariei entzungor egin diete.

Gasteizko hiritarrei deialdia egin zieten eurekin batean Udalari «ostia txarra» adierazteko, eta Asanbladak antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko. Bihotz eta umore oneko pailazoak ere horretara animatu zituzten. Gaztetxeko ateak beti irekiak egonen omen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo