GARA > Idatzia > Euskal Herria

Deliturik ez dagoela nabarmendu du Azkaratek

Ibarretxeren eta Batasuneko eta PSEko kideen aurkako auzian testigu gisa deklaratu zuen atzo Miren Azkaratek. «Elkarrizketa politikoaren» aldeko konpromisoa aldarrikatu zuen epailearen aurrean.

BILBO

Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren, Batasuneko eta ezker abertzaleko negoziazio batzordeko hainbat kideren, eta PSEko buruzagi Rodolfo Ares eta Patxi Lopezen aurka EAEko Justizia Auzitegi Nagusian Roberto Saiz instrukzio epaileak zabalik duen auzian, atzo Lakuako Gobernuaren bozeramaile Miren Azkarateren deklarazioaren txanda izan zen.

Azkaratek testigu moduan egin zuen adierazpena. Hala eta guztiz ere, ez zen bakarra izan, harekin batera, bilera politiko horien berri eman zuten EiTBko kazetariek testigu gisa deklaratu behar izan baitzuten. Aurreko egunetan, aldiz, beste zenbait hedabidetako langileak izan dira auzitegian lekuko gisa deklaratzeko. Nahiz eta Gasteizko Gobernuaren egoitzan testigantza emateko modua izan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan deklaratzeko hautua egin zuen.

Juan Jose Ibarretxek zuzentzen duen Gobernuko eledunari babesa emateko asmoz, Lakuako Justizia sailburu Joseba Azkarraga edota EAJren EBBko kide Iñigo Urkullu, Joseba Egibar, Josune Ariztondo eta Gorka Agirre ere Bilbon izan ziren.

Epaitegi barruan, Azkaratek ezin izan zien uko egin Fiskaltzaren eta Dignidad y Justicia eta Foro de Ermua erakundeek osatzen duten akusazio partikularraren galderei erantzuteari. Ibarretxek eta Batasuneko kideek, ordea, horiek saihetsi ahal izan zituzten. EAEko Justizia Auzitegi Nagusitik igaro ondoren, arratsaldean, Azkaratek adierazpenak egin zituen Lehendakaritzan. Bertan, Roberto Saiz epaileak deklarazioa hartu behar izatagatik «txunditurik» zegoela azaldu zuen.

Lakuako Gobernuko bozeraimaleak, lehendakariak ezker abertzaleko kideekin bildu izanagatik ez duela inolako deliturik egin berretsi zuen. Izan ere, bilera politiko horiek ekiditeko eta espresuki debekatzeko ebazpen eta agindu judizialik ez dagoela nabarmendu zuen. Horrekin batera, atzo Roberto Saiz epailearen aurrean emandako testigantzan honakoa nabarmendu zuen: «Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak eta nik neuk, Gasteizko Gobernuko bozeramaile izanik, askotan adierazi dugun elkarrizketaren aldeko hautua eta konpromisoa berresten dut». Izan ere, Azkaratek esan zuen: «Ibarretxek eta hirukoak bakearen eta bazterketarik gabeko elkarrizketaren bitartez akordio politikoak lortu behar dira herri honetako sentsibilitate politiko guztiekin». Gainera, helburu horiek lortzeko «tematuta» daude lehendakaria eta gobernu osoa, esan zuenez.

Are gehiago, prentsaren aurreko agerraldian nabarmendu zuen bakea eta akordio politikoak lortzea helburu duen elkarrizketa nekez izan daitekeela delitua.

Horiek hala, Gasteizko Gobernuko bozeramaileak honakoa esan zuen: «Egin dezaketen gauza zentzuzko bakarra Ibarretxeren aurkako helegitea lehenbailehen artxibatzea da, baita gainontzekoak».

Azkarateren deklarazio judizial horren harira, PSEk Bizkaian duen buru Jose Antonio Pastorrek Euskal Telebistan adierazi zuen bilera horietan inolako deliturik ez zela egon.

«Argi dago PSEko eta Batasuneko ordezkariek izandako bileran ez zela deliturik egon, bilera hori Garzon epaileak emandako auto berezi baten ostean egin baitzuten», jakinarazi zuen, gainera, PSEko buruzagiak. Horrekin batera, Pastorrek esan zuen berak eta bere alderdiak «errespetuz» jokatzen dutela ebazpen judizialekin. «Defentsa Zuzenbide Estatuak ematen dizkigun armekin egingo dugu, inolako zalantzari gabe auzitegiak onartuko dituen errekurtsoak aurkeztuta», azaldu zuen.

Prozesu judizial horrek ostegunean izango du hurrengo kapitulua. Orduan, Saiz epailearen aurretik pasatu behar dute, alde batetik, ezker abertzaleko batzorde negoziatzaileko kide Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Olatz Dañobeitiak, gaur egun Estatu espainolean preso dagoenak.

PSE alderdiko buruzagi Patxi Lopezek eta Rodolfo Aresek inputatu gisa eman beharko dute testigantza. Guztia, Donostiko hotel batean izandako bilera politikoarengatik. Gainera, Baltasar Garzonek, Auzitegi Nazionaleko epaileak, bilera hori baimentzen zuen auto bat plazaratu zuen.

datorrena

Ostegunean deklaratu behar dute Arnaldo Otegik, Rufi Etxeberriak eta Olatz Dañobeitiak, bai eta PSEko Lopezek eta Aresek. Guztia iazko uztailean bi alderdiek izandako bilera politikoarengatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo