GARA > Idatzia > Euskal Herria

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat mobilizazio dei egin dute gaurko

DONOSTIA

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna izaki, munduan hainbat mobilizazio egingo dituzte gaur. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere hainbat deialdi egin ditu Euskal Herrian. Hala, arratsaldeko sei eta erdietan Baio- nako herriko etxearen aurrean jarri dute hitzordua, eta ordu erdi geroago Bilboko Areatzara eta Donibane Garaziko herriko etxearen atarira bertaratzeko gonbita egin dute.

Bestetik, Zarauzko Gazte Asanbladak antolatuta, atzoz geroztik, kartzelen aurkako jardunaldiak ari dira egiten kostaldeko herri horretan. Ostegunera bitartean, espetxeetako errealitatea ezagutarazteko asmoz, hainbat hitzaldi antolatu dituzte, guztiak ere iluntzeko zazpi eta erdietan. Ostiralean, berriz, goiz eta arratsaldez aldarrikapena kaleetan barrena zabalduko dute, eta larunbatean herriko preso eta iheslari politikoen aldeko eguna ospatzeko asmoa dute. Igandean emango diete amaiera jardunaldiei «Kamchatka» filma proiektatuta.

Aste guztian, gainera, gaztetxean herriko preso politikoei eskutitzak idatziko dizkiete eta ikusgai izango dituzte hainbat espetxeratuk egindako lanak.

Zarauzko Gazte Asanbladako kideek aditzera eman dutenez, antolatu dituzten jardunaldien helburua, espetxeetako errealitatea ezagutaraztea ez ezik, oro har kartzela politikaren gaineko kritika egitea ere bada. Izan ere, «kartzelen inguruko mugimendu errepresiboa jendartearen arazoak ezkutatzeko baliatzen den beste trikimailu bat» dela uste dute.

Emakume presoen egoera

Halaber, Emazteek Diotek antolaturik, heldu den ostiralean emazte presoen egoera aztergai izango dute Hazparneko Elgar zentroan, iluntzeko zortzietan.

Hitzaldian, Etxerat-eko kideek eta emazte preso ohiek parte hartuko dute, espetxealdian dauden emakumeen egoeraren gaineko errealitatea plazaratu eta hausnarketa bideratze aldera. «Emazteek Diote elkartearen kideok erabaki dugu gure emazte begiradatik behatu nahi dugula beste emakume horien bizitza, haien borroka, intsumisioa eta, batez ere, kemena eta duintasuna atxikitzeko, emazte eta borrokalari gisa», azaldu dute elkarteko ordezkariek.

Atzo ere, presoen eskubideen aldeko hainbat mobilizazio egin zituzten. Iurretan 68 lagun batu ziren; Berangon, 30; Astigarraran, 22; Zaldibian, 20; Santurtzin, 90; Ataunen, 15; Sopelan, 25; Bermeon, 25; Otxarkoagan, 25; Euban, 12; eta Altzan, 26.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo