Langileen osasuna eta segurtasuna ez dira urteko egun batean bermatzen
Pedro Maria L. M., 35 urteko langile autonomoa, bere lana egiten ari zela hil zen atzo, Oñatin. Mendian garbiketa lanak egiten ari zela zuhaitz adar bat erori eta burua jo zion. Langile horren heriotza, gainerakoenak bezala, ezbehar gisa aurkeztuko dute, baina lan ezbeharren kopuruaren estatistikek ez dute jasoko. Nolanahi ere den, lan prekarietatearen ondorioz hil zen eta, estatistikak jaso edo ez, lan istripua errealitate latz eta errepikakorra da, gizartearen arlo guztietatik aurre egin beharrekoa. Hilaren 28an Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna izango da. Egun horretan eragile guztien deklarazio arranditsuak entzungo ditugu, patronalak eta administrazioek langileen osasunaz eta segurtasunaz sentsibilizatu beharra aipatuko dute... Zoritxarrez, eguneroko lana izan beharko lukeena egun bateko agerpena baino ez da izango. Eta langileen arriskuak, maiztasun handiegian ezbehar bihurtzen direnak, ez dira urteko egun bateko kontua, eta ez dira egun bateko aldarrikapenekin saihesten. Langileen osasunaren eta segurtasunaren egoerari arazo larri batek eskatzen dituen arreta eta bitartekoak eman behar zaizkio, ondasun materialek baino balio handiagokoa dela argi izanik.