GARA > Idatzia > Euskal Herria

Txantreako kaleetako izen frankistak kentzeko eskaera Auzitegira eraman dute

Ikurren Legeak agintzen duen bezala sinbolo frankistak kentzeko eskaera egin zion Iruñea Berriak Udalari. UPN-CDN udal taldeak entzungor egin du denbora luzean, kaleen izenak ikurrak ez direla argudiatuta eskaerari uko egin dion arte. Horregatik auzitegira jo dute.

GARA |

Ikurren Legeak agintzen duenez, udalek dute ikur frankista guztiak kentzeko erantzunkizuna, baina Iruñeko Udalak bertze aldera begiratu du orain arte. Iruñea Berria taldeak Txantreako hogei kaleren izenak frankismoaren ikurra direla esan eta horiek aldatzeko eskaera egin zion Udalari, bertze gauza batzuen artean, eta duela guti eman dio ezezko erantzuna.

Udaleko administrazio prozesua agortu ondotik, Nafarroako Auzitegi Administratiboan aurkeztu behar izan du legea betearazteko helegitea. UPN-CDN udal taldeak eskaerari uko egiteko aurkeztu duen argudio nagusia kale-izenak ezin direla ikurtzat hartu izan da, bai eta izen horiek gizartean ezezagunak direla ere. Iruñea Berriaren helegitean argudio hori atzera botatzen da, ezagunak izan edo ez, frankismoaren oroitzapena mantentzeko asmoa garbi dagoela-eta. Gainera, Txantrean aski ezagunak dira kaleek dituzten izenak; erraterako, frankismoko hainbat militarrenak.

Ikurren Legea ezarri zutenetik hainbat urte pasatu dira, eta bertan, urte batean frankismoaren ikur guztiak ezabatzeko agindua biltzen da. Iruñea Berriak joan den urtean egin zuen legea betearazteko eskaera, lau puntutan oinarriturik: Francoren alde borrokan eroritakoei egindako monumentua, Iruñeko hilerrian eskaintzen zaien eremua, Txantreako Munduko Parkeko oroigarria, eta auzo berean dauden hogei kaleren izenak kentzeko eskatu zion talde abertzaleak Udalari.

UPNk eta CDNk osatutako gobernu taldeak ez dio ia erantzunik eman. Parkeko oroigarria kendu beharrean, estali egin zuten, baina legeak ez du hori agintzen. Txantreako kaleei dagokien puntua da ezezkoa jaso duen lehendabiziko eskaera. Horregatik, helegitea Nafarroako Auzitegi Administratiboan aurkeztu zuten, eta epaiak luze joko duen arren, legea euren alde izanik, epaileak arrazoia emanen dielakoan daude.

Iruñea Berriak nabarmendu duenez, horrelakoetan argi geratzen da UPNren eta CDNren pentsamoldea; frankismoari babesa ematen diona, hain zuzen ere. Frankismoan fusilatutako zazpi zinegotzi iruindarrak omentzeari edo Francori seme kutun izendapena kentzeari uko egitea testuinguru berean sartzen du talde abertzaleak. «UPNren eta CDNren demokrazia kalitatea» agerian geratzen da, haien hitzetan.

gainerako ikurrak

Iruñea Berriak joan den urtean egin zion Udalari hiriko ikur frankista guztiak kentzeko eskaera. Txantreako Munduko Parkean dagoen oroigarria estali zuen; Eroritakoen omenezko Monumentua eta hilerrian horiei eskainitako eremua ezabatzeko eskaerak erantzunaren zain daude oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo