GARA > Idatzia > Kultura

«111» euskal literaturzaleen lehenengo akademia sortu dute

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak «111 Akademia» aurkeztu du; euskal literaturzaleen lehenengoa, alegia. Euskal Herri osoko 111 irakurlek osatuko dute. 1996tik urtero ematen duten Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena hautatzea izango dute eginkizun, oraingoz.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Beterriko Liburua izeneko ohorezko literatur aipamena edo saria hautatzeko eginkizuna izanda abiatuko da «111 Akademia». Saria 1996an sortu zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Finean, euskal literaturgintzako urteko obrarik «gogokoena» hautatzea du xede, baina ardura hori betiere irakurleei egokitu zaie. Hori du, beraz, berezitasun nagusia. Izan ere, euskal literaturgintzan irakurleak betetzen duen funtzioa indartu edo suspertzeko premiari erantzun bat emateko asmoz ere abiatu baitzuten ekimena.

Gerora, 2000. urtean, euskal literatura bultzatzeko Epaimahai Orokorra jarri zuen martxan Larramendi Bazkunak, Euskal Herri osoko 60 irakurlek osatua. Bertako kide izan diren irakurleek urtearen buruan argitaratutako nahi adina obra irakurri (gutxienez bizpahiru), horien gainean iritzia eman eta sariketari begira proposamena bidaltzeko konpromisoa izan dute.

«Euskal literaturak oso momentu onak bizi dituen arren, ez dugu ikusten irakurleen beste horrenbesteko erantzuna dagoenik. Lehenengo urteetako esperientziarekin, irakurleek partaide izateko modua antolatu, eta hala sortu zen Epaimahai Orokorra», azaldu zuen atzo Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek.

Unanue Aitor Amutxastegi idazkariarekin eta Amaia Goikoetxea Beterriko Liburua Literatur Aipameneko eragilearekin aritu zen aurkezpenean. Honakoa aitortu zuten: «Askotan uste dugun baino irakurle gutxiago ditu euskal literaturak, eta guri asko kosta zaigu 60 laguneko kopuru horri eustea». (Egun Epaimahai Orokorrak 43 kide ditu). Baina orain beste urrats bat egin nahi izan dute, eta gaur egun arteko epaimahaiak zuen programa edo ardura «111 Akademia»ren esku uztea erabaki dute.

Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena antolatzeaz gain, irakurleek beste modu bateko «susperraldirik» ere izan dezaten, programa bat osatzen joan dira, eta literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko programa hori Akademia berriaren esku utziko dute. Gutxienez 111 lagunek osatutakoa izan dadin nahi dute. «Gai nagusia euskal literatura izango da, eta, ahalegin nagusia, euskal literatura irakur dadin sustatzea edo suspertzea», berretsi zuten.

Helburu eta eginkizun «handia» eta «zaila» izango duela badakite arduradunek, urteotan kosta zaie-eta epaimahaikideen kopuru bera mantentzea. «Pixkanaka joatea erabaki dugu, akademiari sortzez eginkizun nagusi bat emanez: aurrerantzean Beterriko Liburua ohorezko saria erabakiko du», esan zuten. Aurten hamargarren aldiz banatuko dute hori. «Beterriko Liburua» aldizkaria bultzatu, eta akademiako kideentzako lan programa bat osatu beharko du gerora. «Helburu nagusia euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura bat sortzea litzateke, euskal literaturgintzaren inguruan lanean jardungo duena», argitu zuten.

Euskal Herri osokoa eta irekia, irakurle arrunten bila

Akademiako kide den irakurlea euskal literaturaren irakurketa hutsa egitetik inplikazio handiagoko ekimen batean parte hartzera pasatuko litzateke. «111 Akademia»ko kideak irakurle arruntak izango dira, eta ez idazle, literatur aditu edo kritikariak. Alde horretatik, euskal literaturzaleen artean dagoen «errealitatearen ispilu» izan nahi luke, «herritar irakurlea islatzea», azaldu zutenez. 43 kide ditu, eta xedea herrialde bakoitzeko ordezkari kopuru zehatz bat lortzea da: Gipuzkoan 46, Bizkaian 32, Nafarroan 17, Araban 8, Lapurdin 3, Nafarroa Beherean beste 3, eta 2 Zuberoan. Harremanetarako: 943 696 450 zenbakia edo belisari@topagunea.com.

I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo