GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lur Berri kooperatibak hazi transgenikoak saltzen jarraituko du

Atzo goizean, Lur Berri kooperatibaren Administrazio Kontseilua bildu zen eta erabakia hartu zuen. Itxialdiari eutsiko diote, ordea. Berritasuna da zazpi hektarea baino gutxiagoko produkzioei ez zaiela hazirik emango; hau da, Euskal Herrian ez dela transgenikorik landatuko.

GARA |

Bostehun pertsona inguru bildu zen atzo Aiziritzen Lur Berri kooperatibaren aitzinean, barnean Administrazio Kontseilua elkartzen zen bitartean. Itxialdiaren bosgarren eguna zen atzokoa, eta Kontseiluak transgenikoak saltzen jarraitzea deliberatu ondoren, itxialdiari eustea erabaki zuen Euskal Herriko OGMn kontrako kolektiboak. Itxialdiak, bederen, ostegunera arte iraungo du.

Kolektiboko hiru ordezkari Administrazio Kontseiluan izan ziren eskaerak helarazten. Ordubeteko deliberoen ondoren, Lur Berriko presidente Sauveur Urrutiagerrek kooperatibak hazi transgenikoak saltzen jarraituko duela adierazi zuen.

Aldaketa nabarmenena landatutako eremuen neurriak mugatzea izan zen. Izan ere, zazpi hektarea baino gutxiago neurtzen duten produkzioek ez dute transgenikoa landatzeko aukera izanen. Euskal Herrian eremu guztiak neurri hori baino txikiagoak izaki, ez da transgenikorik izanen, baina Lur Berrik Landetan eta Biarnon ere saltzen du.

Babes oso handia

Ipar Euskal Herriko 55 auzapezek eman zioten sostengua itxialdian den kolektiboari. Estatuari transgenikoen salmentan luzamendu bat eskatu zioten, eta Lur Berriri, genetikoki eraldatutako haziak ez saltzeko.

Alderdi politiko gehienetako ordezkariak bildu ziren atzo Aiziritzen transgenikoen kontrako borroka sostengatzeko. Han izan ziren ABko Mertxe Colina, EAko Manex Pagola, Berdeetako Daniel Hegoburu, PSko Pierre Favraud, PCko Daniel Romestant eta LCRko Martine Mailfert. UDFko Jean Lassalle diputatuak sostengua helarazi zuen adierazpen baten bitartez.

Lur Berri kooperatibako langileen enpresa-batzordeak ere atxikimendua eman zion itxialdia egiten ari den transgenikoen kontrako kolektiboari. Era berean, hainbat sindikatuk bat egin zuten ekimenarekin: Confederation Paysannek, ELBk, EHNEk, LABek eta CFDTko Nekazaritzarako Elikagaien arloak. Greenpeacek eta Biarnoko talde ekologistek ere sostengua adierazi zioten kolektiboari Aiziritzeko itxialdian.

sostengu handia

Ipar Euskal Herriko 55 auzapezek sostengua eman diete itxialdian diren pertsonei. Atzo goizean, alderdi politiko gehienetako ordezkariak Aiziritzen izan ziren. Lur Berriko enpresa batzordea ere transgenikoen kontra agertu da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo