«Oraindik leku beroetan jarraitzen dugu, eta lan handia dago egiteko»
Athleticeko jokalaria
Urrian, euskal selekzioarekin Camp Noun jokatzen, ezker belauneko lotailuak apurtu ondoren, Tiko taldekideekin entrenatzen hasi zen joan den astean. Oraindik ez dago guztiz osaturik baina bide onetik doa eta laster zelaian ikusiko dugu taldeari Ligako azken txanpan laguntzeko prest. «Kontzienteak izan behar dugu beste hamar puntu eskuratu behar ditugula Lehen Mailan segitzeko», esan du nafarrak.
Manex ALTUNA |
Sei hilabete bete dira Tikok belauna apurtu zuenetik. Ezin izan du denboraldi osoan jokatu, baina Liga amaieran taldea laguntzeko egongo da. Ez du egunik eman nahi; izan ere, pixkanaka-pixkanaka joan nahi du egunero ikusiz belaunak nola erantzuten duen. Guztiz osatzea izango da lehen helburua, eta gero Maneren konfiantza irabaztea taldean sartzeko.
Zelan zaude?
Apur bat handitu zait belauna, azken astean bost egunetan entrenatu bainaiz taldearekin, eta medikuek normala dela esan didate. Horregatik gelditu behar izan dut astelehenean. Ez dakit noiz itzuli ahal izango naizen; belaunari entzun beharko diot. Ligako azken txanpan gaude, eta espero dut partida batzuetan egon ahal izatea.
Taldeak asko nabaritu du hainbeste lesio izatea?
Bai, gure filosofiak bajen garrantzia areagotu egiten du. Ez daukagu merkatu handia, eta ezin ditzakegu jokalari berriak ekarri lesionaturik daudenean. Baina une latzetan gure moduko taldeek bakarrik ateratzen dute barruan duten indarra lurretik altxatzeko.
Zer adierazten du talde batentzat azken hiru-lau denboraldietako euskarririk gabe jokatzeak -Gurpegi, Orbaiz eta zu zeu-?
Talde batean postu guztiak dira garrantzitsuak, baina defentsan zentraletako batek kapitain bezala agertu behar du; zelai erdian ere euskarri batek liderra izan behar du eta aurrealdean beste jokalari batek. Hiru jokalari horiek osatzen dute talde baten bizkarrezurra. Pablok, Gurpek eta nik partida asko jokatu ditugu zelai erdian, eta horrek aukera asko kendu dizkigu aldaketak egin ahal izateko. Hala ere, Murillok eta Iraolak, esaterako, ondo erantzun dute.
Azken bi garaipenek guztiz aldatu dute egoera, Osasunaren eta Nasticen kontrako porroten ondoren gertatu zenarekin alderatzen badugu.
Oraindik leku beroetan gaudela jakin behar dugu. Lehenbailehen saiatu behar dugu irteten partidak irabazita. Beste hamar puntu atera behar ditugu gutxienez, eta lan handia gelditzen zaigu egiteko. Aipatutako bi partida horiek porrot handia izan ziren. Sasoian geundela uste genuen, sei puntu horiek gure kontuetan sartzen ziren eta huts egin genuen. Zale batzuk berotu ziren, baina gutxi batzuk izan zirela uste dut.
Kritika gogorrak egin dizkiote aurten taldeari leku guztietatik.
Badakigu noiz dagoen taldea irekia kritikak jasotzera. Momentu txarrean gaude eta gogorrak izan dira. Batzuek aprobetxatu egin dute kritikak egiteko, eta bakoitzak jakin beharko du zer esan duen eta noiz. Publikoki gauzak esaten direnean kritikak ere jaso daitezke-eta.
Ezbaian jarri dute zuen profesionaltasuna, konpromisoa eta korrika egiten duzuen ere.
Kritikatzea erraza da eta horiek dira kritika errazenak. Galtzean ez dugu korrika egiten, eta irabaztean, bai. Horrelako gauzei ez diegu garrantzi handirik ematen. Guk badakigu zer-nolako konpromisoa daukagun, sufritzen ari garena eta taldea ezagutzen ez duenak kanpotik egiten dituen kritikak azalekoak dira. Lehen Mailan jokatzeko profesionala izan behar da, eta gorputza egunero zaindu. Gainera, jokatzen dugun klubarekiko sentimendu handia dugu. Zaleek nola bizitzen eta sufritzen duten ikusten dugu eta sentimendu hori handitu egiten da denborarekin. Profesionaltasuna eta sentimendua uztartzen ditugu.
Zergatik irtengo da Athletic zulotik?
Hemendik aurrera, igandekoaren modukoak izan behar dira partida guztiak. Taldeak kristoren presioa eta erritmoa sartu behar dio aurkariari, eta zaleak berotu. Azken bi partida hauek adibide moduan hartu behar ditugu. Elkarrekin joaten bagara taldea, zaleak eta ingurukoak, aurrera joko dugu.
Valverde egon zen igandean San Mamesen; zer gertatu da bera joan zenetik taldeak beheraka egiteko?
Zaleek, zuzendaritza batzak, entrenatzaileak eta jokalariek lau hankako eserleku bat osatzen dute. Entrenatzailearen eta taldearen arteako elkartasuna zenbat eta handiagoa denean, eserleku hori orduan eta tinkoagoa da. Horrelako egoera on bat izaten denean zerbait apurtzen bada, eserleku tinko bat sortzea asko kostatzen da. Jokalari garrantzitsuak mantentzen eta entrenatzailearekin erlazio ona izaten saiatu behar dugu, zaleek ere elkartuta gaudela ikusteko.