GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Moldatzekotan diren Endarlatsako errepidean ibili gara, sugeak bezala

Zaila da Josetxo Baleztenarekin hitzordua paratzea. Kamioilaria da eta egunero ibiltzen da N-121-A errepidean altzairuzko bobinak alde batetik bertzera garraiatzen. Goizean goiz ateratzen da herritik, Beratik, 5.00etan edo 5.30ean, eta Lesakara, Irunera eta Pasaiako portura egiten ditu bidaiak. Batzuetan sei eta bertze batzuetan bat edo bi bakarrik, egunaren arabera.

Bazkalondorako gelditu gara Josetxo Baleztenarekin Beratik Irunerako bidea egiteko. Ordu bata aldera deitu digu baieztatzeko eta bi eta erdietan aterako garela jakinarazi digu. Eguzkiaren beroan abiatu gara Gipuzkoara, kontu kontari. «Ikara handiak izan ditut... Begira hau ere!», erran digu, ziztu bizian pasatu den ibilgailu bat seinalatuz. «Berriki, Lesaka aldera kargatua joaki nintzelarik, auto bat sartu zitzaidan bidera. Eskuinera okertu behar izan nuen eta ia-ia irauli egin zen kamioia. Bertze batean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Irunera nindoan kamioi batekin aurrez aurre topo egin nuenean. Doi-doi lortu nuen gelditzea».

Aspalditik ari dira herritarrak obrak has ditzatela eskatzen: orain dela zenbait urte plataforma ere sortu zuten errepidearen egoera kaskarra salatzeko eta konpontzeko premiaz ohartarazteko. Triangeluz josi zituzten kaleak, saltokiak, ikastetxeak... eta, jakina, ibilgailuak ere bai. Josetxo ere horretan ibili zen, ikastolako jendearekin batean.

Mutil koxkorra zenean, Larrun mendiko benta batean aritzen zen lanean aitarekin. Udan eskas izaten ziren langileak, baina neguan denak sobera, ez baitzen apenas bezerorik izaten. Gidatzeko baimena atera zuen eta etxeko furgonetarekin bidaia batzuk egiten hasi zen neguan, egurra eta zementua garraiatzen, baita behiak ere. Edozein lanetan aritzen zela ikusita, Lasarteko lagun batzuek kamioilari izatera animatu zuten. Orain 27-28 urte izan zen hori; beraz, ezin hobeki ezagutzen ditu dagoeneko errepideko sekretuak.

«Kamioilari hasi nintzen eta horretan segitu dut. Urte onak, politak izandu dira, baina bizpahiru urte hagitz txarrak ere bai. Orain hagitz ongi ari gara; gasolioaren prezioa goititu egin da, ordea, eta lan anitz eginda ere ez dugu dirurik ikusten. Gasolioaz gain, gurpilak, konponketak... dena garestitu da, eta guk orain dela hamabost urteko prezioak ditugu. Aurten pizar bat altxatu dituzte, baina gastuen arabera ez da deus ere», azaldu du.

«Dena kontra dugu»

Gustura ari da lanean, baina hondarrean aspertu ere egin da pixka bat. Urte anitz dira eta gero eta traba gehiago izaten du leku guztietan. «Kargatzeko enpresetan estu hartzen gaituzte. Gainera, puntutako gidabaimena ezarri zutenetik, okerrago gabiltza. Atsedenaldiak exijitzen dituzte, baina gero ez dute galdutako denbora hori ikusten. Hilabete honetan agindu berria ezarri dute: bi egunean hamaika orduko atsedenaldia egin behar da. Nik lana arratseko hamarretan bukatzen baldin badut, goizeko bederatzietan hasi behar dut. Lehen bederatzi ordu geldirik egoteko eskatzen zuten, eta bi orduko desberdintasun hori handia da. Dena kontra dugu», kexatu da.

Orain dela urte saila Iruñe, Bilbo eta Burgos aldera ere joaten zen kamioilari beratarra. Tarteka urrunago ere egiten zituen bidaiak, baina gutxi. «Bizkaiko Labe Garaietatik ekartzen genuen lehen karga. Gero, bobinak errepide horietatik garraiatzea arriskutsua zela eta ahal zen guztia trenez ekarri behar zela erran zuten. Mila tona baino gehiago ailegatzen dira egunero Irungo trenean. Pasaiako portura Brasildik ailegatzen da lehengai anitz, eta Txinako itsasontziren bat ere iristen da». Herritik hagitz hurbil dabil Josetxo azkenaldian, Lesakan, Irunen eta Pasaian, eta egunero egiten du etxean lo. Batzuetan, baita bazkaldu ere.

N-121-A errepidea erraten dutena bezain arriskutsua ote den galdegin diogunean, hainbertze urteren ondotik ohitua dagoela erantzun digu. Hain bide txarra izateko eta dabilen auto eta kamioi mugimendu handia ibiltzeko istripu gutxi gertatzen dela iruditzen zaio. Ez daki zenbat kamioi pasatzen den egunero Endarlatsako zubi meharretik -ezin dira bi ibilgailu handi gurutzatu eta batek bertzea pasatu arte zain egon behar izaten du-, baina hamabost bat kamioilari ezagutzen ditu bera bezala egunero-egunero bost edo sei joan-etorri egiten dituztenak lehengaiekin. Hori Irun eta Endarlatsa arteko mazel txiki horretan bakarrik, makina bat baitira Iruñe aldera joaten direnak ere, bereziki Belate moldatu zutenez geroztik. «Zenbaitetan ikaragarria izaten da hau. Besta egunetan debekatua dago mugan ibiltzea eta igande arratseko hamarretan irekitzen dute bidea. Pilatu egiten dira orduan kamioiak, eta ilara izugarriak izaten dira».

Txirrindulariak ere ibiltzen dira Endarlatsako errepidean auto eta kamioi tartean, zaletasun handia baitago inguruan, eta elkarrekin nola konpontzen diren jakin nahi izan dugu. «Ez dira anitz, baina ibiltzen direnek ez dakite zer arrisku duten. Mazel batzuen egoera penagarria da eta ez dago bazterbiderik», ohartarazi digu Josetxok.

Orduantxe, azalpen horiek ematen ari zelarik, txirrindulari bat ikusi dugu aitzinean. «Orain bezala, gelditu egingo naiz, berriz abiatuko naiz, ibilgailu bat heldu bada bertze aldetik... Zer egingo dut? Balazta zapaldu, ez zapaldu... Asteburuetan ongi da, baina aste tartean izaten den zirkulazio izugarriarekin beldurra ematen dit txirrindulariak ibiltzeak. Endarlatsako zubia pasatuta hasten den bideari sugea deitzen diogu, arroken ondotik sigi-saga egiten baitu animalia horrek bezala. Benetan arriskutsua da eta ezin pasatu aritzen gara zenbaitetan».

Hamaika galdera

Badu irtenbiderik arazoak? Zirkulazioa arindu eta istripuak murriztuko dira obrak bukatutakoan? Eta, lanak egin bitartean, nola moldatuko dira gidariak? Zenbat denbora beharko da Beratik Irunera joateko? Josetxok ez daki zein den konponbidea, baina honezkero errepide berriak egina behar zuela pentsatzen du. «Orain hasiko dira, maiatzean, eta bi urte beharko dituztela erran dute. Denetik aditzen da; obrak egin bitartean kamioilarioi ibiltzea debekatuko digutela, adibidez. Baina gezurra da». Transibardin enpresarentzat ari da lanean, eta Rafa Irigoien da bertako nagusia, ANET Nafarroako garraio elkarteko presidentea. Hark eman dizkio argibideak, baita plano topografikoak erakutsi ere. Beldur handia sumatzen du inguruan: «Egunero hemen ibilki garenok anitz sufritu beharko dugu lanek iraun bitartean. Errate baterako, Villanueva ostatutik Endarlatsara arroka guztia puskatu behar dute. Gauez lanean ari beharko dugula eta kanpotik mugara heldu direnei Endarlatsako errepidetik ibiltzea galaraziko dietela ere aditu dut. Hori norberak ikusiko du, gainera. Debekatu edo ez debekatu, lanak hasten direlarik izanen den saltsarekin jendeak ikasiko du eta jakinen du zein bidetatik joatea komeni zaion».

Hiru eta erdiak dira eta helmugara ailegatzen ari gara: Anaka auzoko Decoexsa enpresan kargatu behar du kamioia altzairuzko bobinekin. Sargori dago eta izerdia ateratzea tokatuko zaio. Horren jakitun egin du salto atetik lurrera, eta handik ibilgailuaren gainera goititu da. «Guk adina baitugu horrela ibiltzeko!», erran du. Bobinak lotu, tapatu eta kabinara sartu da berriz. Bai, gorritua eta bustia dago, baina irribarretsu eta berritsu, halere. Errepide berria egiten dutenean ondoko herriak nola aldatuko diren pentsatzen hasi gara orduan, Bera bereziki. Izan ere, orain hogei minutu behar dira handik Irunera joateko eta, zirkulazio handia bada, gehiago. Baina iragarri bezala hiru bideko errepidea egiten badute -tuneletan bi eta Puntxako eta Laskuaingo glorieten arteko ibilbidean, Behobian, lau-, anitz laburtuko dute denbora-tartea. Josetxoren arabera, herriak balioa irabazi eta nortasuna galduko du. Jende ugari joanen da bizitzera eta hazi eginen da.

Lesakara bidean, bihurgune gaiztoetan ikaratu, zulo zitalen erruz salto egin eta sugeak bezala sigi-saga sigi-saga ibili arren, alde batera utzi ditugu errepideko kontuak. Semearen musika taldeaz aritu gara, oporrez...

Maider IANTZI

23 HILABETE OBRETAN

N-121-A errepideak Iruñea eta Behobia lotzen ditu Belatetik. Laskuain glorietatik Endarlatsako zubira doan sei kilometroko tartea, Irunen, 23 hilabetean moldatuko dutela erran dute. Mariezkurrena, Zubi Eder, Nortunel eta Urssa arduratuko dira horretaz.

MAIATZEAN

Igantzi eta Bera arteko bidea berritzeko lanak ere maiatzerako daude aurrez ikusita. Hala adierazi zuen Nafarroako Gobernuko Herri Lan Sailak otsailaren 28an, eta 2009ko lehenbiziko hiruhilekoan bukatzea espero duela baieztatu zuen.

LEHENBIZIKO HARRIA

Proiektuan ageri denez, bi lotura eginen dituzte Intxaurretan eta Gurutzen, glorieta bat Puntxan eta 190 metroko luzerako zubia Bidasoaren gainean. Maiatzean hasiko dira eta, horren seinale, lehenbiziko harria jarri zuten ostiralean.

BI TUNEL

Aurkezpenean jakinarazi zutenez, bi tunel, hiru metro eta erdiko bideak eta metro eta erdiko bazterrak eginen dituzte Ecay-Andueza, Indeconsa eta Obrascon Huarte Lain enpresek. Metro bateko erdibitzailea eta espaloia izanen dute tunelek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo