GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Lupaz estatuaren lupetzan

Sinisten dut, sinisten dut... horrela kantatzen zuten Arratiako fededunek orain urte asko domekako mezu nagusian. Bai, ni ere nago egunotan neure buruari iraganaren aitortza eskatzen, Lakuako gobernuak besteei eskatu modura. Saiatze honetan etorri zait burura kantu harena. Hori bai, gogoan dut zelan hasten zen, baina segitu? hori beste gauza da. Hortaz, ez ninduen harritu urte dezente pasatuta berriro ere eliza hartara sartu behar izan nuen batean kantuen hitzak aldarearen ondoan zegoen pantaila handitik pasatzen ikusiak; karaoke elizan. Harira! sinisten dut. Horrexegatik, fedebako sinesle naizelako, berriro ere, nortasun-agiri arrotza eskuan, notariotzara daroan Sinai desertua zeharkatu eta hara helduta, horra! sinatu egin dut papera. Neure bizitzan egin dudan beste sina- dura zirriborro bat, agiri arrotzean utzi nuen horren modukoa, zer demontre! Eta orain? Laurogei milatik gorako zirriborro ofizialak gauzatu dira paper horietan, eta? Sinesle izaten segitu beharko, ea fedea berreskuratzen dudan!

Ez dakit sinadurei epe motzeko bidea errazteko balioa aitortuko dieten, baina gezurrik gabeko egia da lana eta lan- postuak sortu ditugula; sinalana hemen, lanpostuak han. Ehunka pertsonak omen dihardu han egunotan, poligrafoa eskuan, sinaduren azterketara emanda, aurreko egunetan grafologiazko ikastaro arina burututa. Ehunka pertsona, bosna lupa. Munduko lupategi guztien gordailuak hustu, ia denak Asiako hego-ekialdean, eta Madrila eraman dituzte. Lupa bakoitzak begi zorrotz bana atzean. Eta hor dihardute, sina- duren arrastoa gertutik arakatzen, sinaduraren azkeneko zatiari aparteko garrantzia emanez, begitik lupara zentimetro erdia, lupatik paperera zentimetro osoa. Eguzkiari begira paratuko baziren behintzat! Horra! ministerioko ziegetan, okasiorako atonduak, egunean hogeita lau orduz lupatan, gaua bera egunean sartuta, lotura aurkitu nahian, berdin da zeinekin baina lotura. Non edo non egon behar duelako loturaren arrastoak! Eta derrepentean bingo! entzun da, egun batzuetarako funtzionario batek arrasto argigarria aurkitu duelakoan. Baina ez, lupadunen nagusiak sinadura susmagarria arretaz aztertu eta gezurtatu egin du balizko egia, sinadura bere banku-mailegu batekoa delako, jakin barik zelan demontre heldu den paper hori mahaira. Lupaz lupa zuzenbide-estatuaren lupetzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo