GARA > Idatzia > Kultura

Euskal literaturaren bilduma bat alemanez argitaratuko dute

Euskal literaturari eta historiari buruzko ezagutza alemaniarrengana helarazteko asmoz, euskaraz idatzitako hainbat libururen alemanezko itzulpena plazaratuko du Pahl-Rugenstein argitaletxeak, hala nola Edorta Jimenezen «Kilkerren hotsak" eta Arantxa Urretabizkaiaren «Koaderno gorria". Horretaz gain, eta Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena dela-eta, hitzaldiak, filmak eta dantza erakustaldiak ere antolatu dituzte Alemanian.

GARA | DONOSTIA

Gernikako bonbardaketaren 70. urtemuga dela-eta, datorren maiatzaren 2tik 6ra bitartean Alemaniako Pahl-Rugenstein argitaletxeak gai horri buruzko hainbat irakurraldi antolatu ditu. Edorta Jimenez euskal idazlea izango da bertan, berak idatzitako «Kilkerren hotsak» (Susa, 2003) nobelari buruz hitz egiteko. Liburu horretan Gernikako hainbat pasarte historiko agertzen dira.

Frankfurt, Bonn, Hannover eta Berlin hirietan izango dira ekitaldiak, eta Pahl-Rugenstein argitaletxeaz gain, Frankfurteko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Departamentuak ere parte hartuko du Frankfurteko ekitaldian; Berlinen, berriz, Gernika Elkarteak eta Alemaniako Idazle Elkarteak -VSk- izango dira, aipatu elkarteok ere antolatzaileak baitira.

Ekitaldiotan, Edorta Jimenez mundakarraren «Kilkerren hotsak» lanaren alemanezko itzulpenaren pasarte batzuk irakurriko dituzte, aurtengo udazkenean Pahl-Rugenstein argitaletxeak argitaratuko duen liburuaren alemanezko bertsiotik hartutakoak. Christiane Bendel-ek egin du itzulpena, eta «Der Lärm der Grillen» izenburua jarri dio.

Gernikako bonbardaketa gaitzat duten hitzaldi horietan, liburua irakurtzeaz gain, gertakariaren kokapen historikoaz eta bere familiaren berariazko bizipenaz arituko da Jimenez. Liburuak, fikziozko nobela izan arren, hainbat datu historiko ematen baititu.

Alemanian, oro har, ezezagunak diren gertakari historikoak ekitaldietan ere jorratuko dituzte; besteren artean, 1936ko gerraren garaian Königsberg eta Leipzig Alemaniako itsasontzietan Bizkaiko kostaldetik gertatu ziren faxisten ihesaldiak.

Euskal Herriko historian barnako bidaiaren amaiera Berlinen izango da. Bertan eta aste osoan Gernikako bonbardaketaren oroimenez jardunaldiak antolatu dituzte, baita film emanaldiak eta dantza eta argazki erakustaldiak ere; horretaz gain, historiari buruzko konferentziak emango dituzte.

Zubiak-Baskische Bibliothek

Aste horri amaiera emateko, igande goizean, gaur zortzi, «Literarische Matinee» izango da, Berlingo Brecht-Haus egoitzan. Bertan, Edorta Jimenezekin batera, beste hiru idazle alemaniarrek beren lanen eta beste idazle batzuen lanen zatiak irakurriko dituzte, guztiak ere Gernikako bonbardaketaren eta 1936ko gerraren gaiei lotuta.

Ekitaldi horietan Pahl-Rugenstein argitaletxeak «Zubiak-Baskische Bibliothek» literatura bilduma aurkeztuko du. Datozen bost urteetan argitaletxe horrek urtero bi liburu argitaratu nahi ditu bilduma horren barnean, euskaratik alemanera zuzenean itzulitakoak.

Aurtengo udazkenean, Edorta Jimenezen «Kilkerren hotsak» («Der Lärm der Grillen») eta Arantxa Urretabizkaiaren «Koaderno gorria» («Das rote Heft») argitaratuko dituzte; azken hori, Jürgen Wolff-ek itzulita. Jatorrizko bertsioa Ereinek argitaratu zuen 1998. urtean.

Euskal literaturaren bilakaera

Bestalde, euskal literaturaren bilduma aurkezteko, liburuxka bat prestatu du Pahl-Rugenstein argitaletxeak. Horretan, lehenengo bi izenburuei eta horien egileei buruzko informazioa ematen da.

Horretaz gain, liburuxkak euskararen eta Euskal Herriaren historia eta gaurko egoerari, euskal literaturaren bilakaerari eta egile eta joera garaikideei buruzko informazioa ere ematen du. Joera horren ahotsaren isla gisa, Hasier Etxeberria kazetari eta idazlearekin egindako elkarrizketa bat agertzen da.

EDORTA JIMENEZ

Gernikako bonbardaketa mintzagai duten hitzaldietan, «Kilkerren hotsak» liburuaren pasarte batzuk irakurri ez ezik, bere familiaren bizipenez arituko da Edorta Jimenez idazlea.

Joseba Sarrionandiaren «lagun izoztua" ere bai

Pahl-Rugenstein-eko argitalpen berriez gain, Alemaniako beste hainbat argitaletxek ere aurkeztuko dituzte euskal literaturaren itzulpenak, orain arte argitaratuta zeuzkatenak eta aurtengo aurrez ikusita dituztenak; 2001ean Elkarrek plazaratutako Joseba Sarrionandiaren «Lagun izoztua» («Der gefrorene Mann»), besteren artean. Hainbat Internet helbide eta informazio baliagarri eman ez ezik, liburuxkak erabilera praktikoa ere izan nahi du; izan ere, irakurlea euskal literatura irakurtzera edota Euskal Herria bisitatzera animatzen baitu.

Etorkizunean ekitaldi gehiago egin nahi dituzte; esate baterako, idazleen hitzaldiak eta irakurraldiak entzun eta kultur topaketetan parte hartu, Alemaniako eta Euskal Herriko erakundeen arteko elkarlana sustatu eta itzultzaileen prestakuntzan eta literaturaren zabalkuntzan jardun. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo