Lau egunez antzerkigintza Mauleko bazterretan hedatzen
Mai en scene Mauleko antzerki jaialdia ondoko maiatzaren 9a eta 12a artean izango da. Euskarazko eta frantsesezko emanaldiak egingo dituzte, eta jaialdiaren bidez, herriko bazter guztietan mota guztietako emanaldiak ikusten ahalko dituzte, aurten ere, ikusleek.
Ainize BUTRON | MAULE
Antzerkiaren hainbat diziplina elkartuko dira ondoko maiatzaren 9a eta 12a artean Maulen, Mai en Scene jaialdiaren karietara. Iaz, 2.000 lagun elkartu zituen lekuko ekitaldi nagusi horrek, eta V. urteurrena ospatuko du aurten. Horregatik, lau egunez, ikusleria zabalari zuzenduriko egitaraua prestatu du berriz ere.
Lekuko Tokia antzerki taldeak Herriko Etxearen laguntzarekin antolatu du, eta ikuskizunak herri guztian barrena hedatuko dituzte. Michel Foucher Tokiako arduradun eta jaialdiaren antolatzaileak zehaztu zuen: «Jaialdiaren bidez herriko bazter guztiak okupatu nahi izan ditugu hasieratik».
Areto nagusietan ez ezik, herriko plazetan, erretiratuen etxean, Anduraineko jauregian, lorategi publikoan edo herriko aparkalekuan ikusten ahalko dira emanaldiak.
Zirku garaikidea
«Jaialdiaren xedea giro goxoan herritarrei antzerki programazio zabala eta aberatsa eskaintzea da. Jaialdia duela bost urte hasi genuelarik, lekuko ikusleak irekiak eta berrikuntzak ikusteko gogoarekin heldu zirela ohartu ginen. Horregatik, urtero antzerkigintzaren diziplina berriak ematen saiatzen gara», azaldu zuen antolatzaileak. Horiek hala, aurtengo berrikuntza zirku emanaldia izango da. Maiatzaren 11n, arratseko zazpietan, zirku garaikidearen gaualdia izango da.
Los Pelos fanfarreak eta Casrolparc animazio taldeak zabalduko dute ekimena, eta ondotik, Borroka bikotearen kantaldia entzun eta gero, Limoges herri frantseseko «A coup de bec» zirku ikuskizuna izango da. Zirku garaikidetik at, beste emanaldi ugari izango da. Haurrei zuzenduriko saioak izango dira, bai eta antzerki klasikoa eta kale antzerkia ere; diziplina guztiak elkartuko dira lau egun horietan Maulen. Alde horretatik, antolatzaileek euskarazko emanaldiei utzia dieten lekua nabarmendu zuten.
Markeline konpainiaren «Mambrü» emanaldia eta Baxe Nafarroa herri eszenak landuriko «Besteak ez bezalako anaia» izango dira horiek. Azkenik, Michel Foucher-ek lekuko eskolekin eta antzerki lantegiekin sorturiko ikusgarrien agerpena aipatu zuen. «Jaialdia berez lekuko antzerki lantegiekin antolatzen hasi ginen, eskolako haurrekin egindako lana publikoari zabaltzeko», adierazi zuen. Mauleko Argia kolegioko hamaika urteko haurrek «Inessa de Gaxen» Fernando Domenech Ricoren obra euskaraz antzeztuko dute jaialdian.