GARA > Idatzia > Mundua

Hiru hildako agertu dira Kanaria Handira 82 etorkinekin heldutako azken txalupan

GARA |

Hiru etorkin hilik heldu ziren atzo Kanaria Handira, Saharaz hegoaldeko 79 pertsona zekartzan txalupan. Ontzia 14 metro luze zen, eta Kanaria Handiko hego-mendebaldean atzeman zuten, Pasito Blancotik hiru miliara nabigatzen ari zela, eta Arguineguin moilaraino eraman zuen Guardia Zibilak.

Txalupan, 82 lagun zetozen, adingabeko lau gazte eta lau emakume. Haurtxo jaioberri bat ere bazetorren, eta ama txalupako lau emakumeen artean egon zitekeela uste zuten laguntza eman zieten larrialdietako zerbitzuek.

Hilik aurkitutako hirurak gizonak ziren. Beste sei lagun uharteko ospitaleetara eta osasun etxeetara eraman behar izan zituzten, hipotermiak eta desidratazioak jota zeudelako. Atzo zabaldu zuten informazioaren arabera, gehienak oso gaizki zeuden hiru egun baitzeramatzaten edan eta jan gabe. Gainera, erredurak eta urratuak ere bazituztela esan zuten artatu zituztenek.

Ontzia 2.30 aldera aurkitu zuten, kanpoko zaintzako sistemako radarrek detektatuta, eta Guardia Zibileko patruilari bat bertaratu zen. Azaldutakoaren arabera, txalupan hiru hildako zeudela baieztatu, eta gainerako bidaiarien osasun egoera txarra zela ikusi zutenez, txalupa lurreraino eramatea erabaki zuten, ohi bezala 82 lagunak patruilarira pasarazi beharrean.

13 hilik Estatu espainolean

Aurten, gutxienez 13 etorkin hil dira Estatu espainoleko kostaldera kaiukoetan edota parteretan heltzen saiatzen ari zirela. Aurreko asteazkenean bertan, beste lagun bi hil ziren.

Ontzi asko iritsi dira bereziki hilabete honetan; izan ere, gutxienez 750 etorkin sartu dira modu horretan Estatu espainolean, 50 bidaiari baino gehiagoko ontzietan.

Urte hasieratik gaur egun arte, 1.300 etorkin baino gehiago heldu dira Kanarietako eta Andaluziako kostaldeetara. Gehienak txalupa atzeman eta gero edo ontzia nora ezean zegoela aurkitu dituzte.

Salbatutakoen artean, bi emakume haurdun eta 15 adingabeko lurreratu dira, eta tartean hilabete gutxiko haurtxo bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo