Satsek irregulartasunak salatu ditu Osakidetzaren hizkuntz eskakizun probetan
Satse sindikatuak «irregulartasunak" ikusten ditu Osakidetzaren EPEren hizkuntz eskakizunen probetan. Batez ere zabalkunde nahikorik eman ez izana salatu du. Lakuak salaketa gezurtatu du.
GARA |
Erizainen sindikatuak gogor kritikatu ditu Osakidetzak 2006. urteko EPEn deituriko hizkuntz eskakizunetako probak. Zentra- laren ustez, Osakidetzak egin duen deialdiak ez du behar bezalako zabalkunderik izan, osasun zerbitzuko webgunean baino ez zutelako argitaratu, eta ez iragarki tauletan. Hala, arauak apurtu dituztela esan zuen.
«Deialdia zabaltzen duen erabakia, Osakidetzaren webgunean azaltzeaz gain, iragarki tauletan ere ezarri beharra ezartzen du arauak, langileek ezagut dezaten», esan zuen sindikatuak.
Bestalde, webgunean aurki daitekeen erabakia EAEko buletinean agertu ondoren jarri behar zen indarrean, Satseren araber. Horregatik, probak egin ziren egunean, deialdia oraindik indarrean ez zegoela diote erizainen ordezkari sindilalek.
Horiek hala, Osakidetzaren «planifikatutako estrategia bat» dela uste du sindikatuak; langile askok deialdiaren berri izan ez zezan zuen helburu. Gainera, proben deialdiarekin gertatutakoa Gasteizko Legebiltzarreko taldeei helaraziko diela esan du Satsek, Osakidetzaren zuzendaritzaren agerraldia eskatzeko aukera azter dezaten.
Salaketa horiei erantzuteko, Oskaidetzak, ezohiko deialdian parte hartzeko izena emateko epea zabaldu zenetik, 700 langilek izena eman dutela esan zuen. Kopuru horrek deialdiak zabalkunde handia izan zuela adierazten du Lakuako Gobernuko osasun zerbitzuaren ustez. Era berean, Osakidetzak estrategiarik egon dela gezurtatu du, eta langileen parte-hartzea ez duela mugatu nahi izan nabarmendu.