GARA > Idatzia > Euskal Herria

"Zatiketa" gainditzeko konpromisoa berretsi du Batasunak Arnegin

Nafarroa «berri eta berrosatuaren" alde indarrak biltzera deitu zuen, atzo, Batasunak Arnegin egindako manifestazioan. Estatu espainolak eta frantsesak «euskal herritarrak zatitzeko harresia" irudikatzen da, indar abertzalearen ustez, herri horretan. Zatiketa hori «gainditzeko eta bakea lortzeko" ezker aabertzaleak hartutako konpromisoa berretsi zuen, eta Sanzen, Lasserreren eta «jauntxoen" interesak Nafarroarrentzat eta Euskal Herriarentzat «arriskutsu" jo.

Maria AIZPURUA

Arnegiko ohiko bizitza patxadatsua zertxobait aztoratu zuten atzo Batasunaren deiari jarraiki bertaratu ziren manifestariek. Bentako auzotik abiatuta heldu ziren plazara, herriaren erdi-erdian dagoen «muga» igaro ondoren. Aurore Martin mahaikideak nabarmendu zuenez, ez zuten «kasualitatez» aukeratu herri hori Nafarroaren Egunaren karietara azken urteotan egin ohi duten manifestaziorako. «Nafarroaren zatiketa irudikatzen da hemen, Madrilek eta Parisek inposatzen digutena», adierazi zuen Martinek.

Zatiketaren «protagonista nagusiak» Sanz eta Lasserre direla gaineratu zuen, herrien Europaren, euskararen eta langileen eskubideen «kontrakoak eta neoliberalismoaren eta euskal herritarren zatiketaren aldekoak» direlako. Euskal Herriarentzat «arriskutsuak» direla esan zuen.

Batasunaren alternatiba «Nafarroa berria, batua eta berrosatua eraikitzea» dela esan zuen. Ezinbesteko aldaketa politikoaren alde eragiteko eta lan egiteko eskatu zien bertaratutakoei, «hauteskundeetatik hasita».

Ildo beretik, Juan Kruz Aldasorok nabarmendu zuen «Ibañetako pasabidea, historikoki, harremanetarako eta elkartrukerako zubia» izan dela; eta Estatu frantsesarentzat eta espainolarentzat, ordea, «euskal herritarrak bereizteko jarri duten harresia» dela.

Zatiketa horrek «min handia» egin die nafarrei Aldasororen esanetan: «Gaur egun ere lurralde zatiketa da hipotekarik handiena, arazo estruktural nagusia, benetako bakea lortzeko».

Ezker abertzaleak «zauri hori lehenbailehen sendatzeko borondate eta konpromisoa» hartu duela gogorarazi zuen. Bi estatuei zuzenduta, honakoa esan zien: «Bakea nahi badute, euskal herritarrek gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortu beharko dute».

Konpromisoaren lekuko, Anoetako proposamena eta ETAren su-etena jarri zituen, eta bitarte horretan, bi estatuek «norabide onean inolako urratsik» ez dutela egin esan zuen.

Bi arrazoi

Jokaera hori bi arrazoi nagusiri egotzi zion Aldasorok: «Batetik, sekulako beldurra diote herritarren hitzari, indarraren bidez soilik mantentzen baitute egungo egoera. Bestetik, Espainiako eta Frantziako jauntxoek sekulako interesak dituztelako. Herria saldu, eta dena porlanez josi eta lurrarekin espekulatzearekin aberasten ari baitira».

Mahaikideak zuzeneko mezua igorri zien: «Jakin ezazue gure eskubideak errespetatzen ez dituzuen bitartean, aurrean izango gaituzuela».

Indarrak biltzera deitu eta «Gora Nafarroa, gora Euskal Herria askatua» oihukatuta amaitu zuen Aldasorok mintzaldia, eta hura «Nafarroa eta Euskal Herria defendatzeagatik», atzo bertan egoterik ezin zuten guztiak eta, bereziki, Filipe Bidart baigorriarra eta berrikitan atxilotutako Zigor Ruiz eta Gorka Murillo nafarrak gogoratuz hasi zuen. Eusko Gudariak abestuta bukatu zen ekitaldia.

«ARRISKUTSUAK"

Langileen eskubideen, euskararen eta Euskal Herriaren kontra, eta transgenikoen, 2x2 autobidearen eta «mugen» alde daudelako, Sanz eta Lasserre buruzagiak «arriskutsuak» dira Nafarroarentzat.

GOGOAN

«Muga hori apurtzeko hainbeste lan egindako kideak» izan zituzten gogoan Arnegin. Bereziki aipatu zituzten Filipe Bidart Beziersen deserriratua dagoena eta Zigor Ruiz eta Gorka Murillo aste honetan bertan atxilotutakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo