GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Normaltasuna

Asteburua gainean dugu. Joandako astegun hauei begiratu arin bat eginda, aste normala izan dela ikusiko dugu. Euskal Herriko aste normala. Egia da astero ez dela Maiatzaren 1a, baina egun horren oroipena gure kaleetan prekarietatea eta haren ondorio lazgarriak salatzeko hitzordu bihurtu zen, eta prekarietatea da, hain zuzen, langileen eguneroko normaltasuna.

Aste guztiz normala izan da kartzeletan ere. Algeciraskoan euskal presoei lagunen bisitak murriztu dizkiete eta haiek gose grebari ekin diote. Baina eguneroko eskubide murrizketak normaltasunaren barruan daude. Senideen auto istripuak bezala. Aste honetan bi izan dira, normaltasun handiaren seinale.

Gainerakoan, Angel Berrruetaren familiaren kontrako mehatxuek, hizkuntza eskubideen urraketak, Itoizko lurrikarek... normaltasun osoz diraute beren horretan.

Normaltasun hori, herri honen bizimodua urruneko guneetan erabakitzea, gogoko dute hainbatek, beren nazio eta gizarte proiektua normaltasun hori dutenek, alegia. Eta beste proiektu bat omen duten beste hainbatentzat egoera erosoa da, horregatik asaldatzen dira egoera normal hau jasanezina gertatzen zaienek hura aldatzeko proposamenak egiten dituztenean.

Estatuko fiskal nagusiak orekaz hitz egin zuen ehunka hauteskunde zerrendaren kontra egiteko asmoaren eta milaka herritarren «azterketen» berri jakinarazi zuenean: Alderdien Legearekiko errespetuaren eta oinarrizko bermeekiko errespetuaren arteko orekaz, «ezina ekinez egina» lelo ezaguna bere egin balu bezala. Baina ez, edo bata edo bestea, eta argi dago hautua: oinarrizko bermeak goitik behera urratzen dituen legearekiko errespetua. Horixe da Estatu espainoleko normaltasun demokratikoa. Horixe EAJk onartu eta sustengatzen duen normaltasun demokratikoa.

Ezker abertzaleak atzo prozesua oztopatzeko ahalegina salatu zuen. Eta prozesua modu demokratikoan aurrera egiten badu, ez dute Batasunak, ezker abertzaleak edo nazionalistek irabaziko, euskal herritarrek baizik. Estatua eta larderia galduan aterako dira, Estatuaren ordezkariak, haren morrontzatik etekinak ateratzen dituztenak.

Ez, ez da normala. Ohikoa esan nahi nuen.

Hala ere, ohikotasun jasangaitz horretatik kanpo, ezuste polita ere izan dugu asteon Info 7 irratiaren emanaldiak FMn entzunda. Jarrai dezala denbora askoan «normaltasuna» hausten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo