GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Irantzu Sagarminaga, Monika Mena Askapeneko brigadistak Mexikon

Atenco gogoan sarraskiaren urteurrenean

Foxek iazko maiatzaren 3-4an agindutako eraso polizialak bi helburu izan zituen: aireportua egiten ez uzteagatik herriaren ausardia zigortzea, eta «La otra campaña"ren ibilbidea eten eta atxikiak beldurtzen ahalegintzea

Vicente Fox Mexikoko gobernuburu ohiak bere gobernualdi amaieran egindako azkenetako gehiegikeria faxista da Atencoko herriari iazko maiatzaren 3-4an egindako erasoa. Halere, ez zen herri- aren kontrako azken erasoa, akordura ekarri bestela Oaxacan gertatutakoa pasa den urrian.

Urte batzuk lehenago, Atenco aldeko herriek inguruetan aireportu bat eraikitzeko Foxen egitasmoa deuseztea lortu zuten. Foxek agindutako eraso polizialak bi helburu izan zituen: batetik, aireportua egiten ez uzteagatik herriaren ausardia zigortzea eta bestetik, La Otra Campañaren ibilbidea eten eta atxikiak beldurtzen ahalegintzea. Atencon zentro komertzial erraldoi bat egin gura zuen Gobernuak. Horren albotik, kale lore saltzaileei euren lana karriketan egitea debekatu zieten. Aitzitik, saltzaileek ez zuten debekua onartu gura eta lanera joan ziren maiatzaren 3an. Poliziaren eraso bortitza izan zen Foxen erantzuna, baina herria ez zen geldirik lotu eta FPDT (Frente de Pueblos en Defensa de la Tierra) buru poliziari aurre egin zioten. Bi eguneko borrokaldia desorekatua izan zen: 3.500 polizia, granadariak, etab. herriaren kontra egin zuten.

Eraso polizialaren ondorioak honako hauek izan ziren: Alexis Benhumea tiroz akabatu zuten; 210 pertsona atxilotu eta hainbat emakume bortxatu zituzten.

Baina FPDTren ibilaldi borrokalaria ez da atzo goizeko historia. Bere hazia 80ko hamarkadan erein zen Texcoco-ko Frente Regionalean, Atenco, Texcoco eta Texoyuca inguruetako komunitateek osatzen zuten elkartea. Haren helburua beharren azterketa eta aldarrikapenak batzea zen, guztiek batean bat egitea, indarrak elkartzea. Elkartearen lehen elkarretaratzea tasen igoeraren aurkakoa izan zen; gero beste aldarrikapen batzuen borrokan jardun zuen. Halako batean Errepublikako Gobernu Federalak eta Mexiko Estatuko Gobernuak Atenco eta inguruetako ura lapurtzea erabaki zuten, putzuak hustaraziz eta bertako herritarrentzako ura beste lekuren batetik (kanpotik) ekartzeko asmoarekin. Ura ostu, ura saltzeko!

Auzi horrek beste herri batzuk ere hartzen zituen eta horiek Texcoco-ko Frente Regionalera batu ziren elkarrekin gobernuaren asmoei aurre egiteko. Hala elkarteak esparru handiagoa hartzen zuen bere gain eta izena aldatzea erabaki zuen Mexiko Bailarako Herri Frontea. Uraren defentsa horrek ekarri zuen elkarte handitzeak, era berean, kide gehiago erakarri zituen elkartera. Alabaina, ordura arte elkar- teak zuen egitura aldatu zen, izan ere, kide berrietako zenbaitek hauteskundeen bidea nahiago izan zuten, jesarleku publiko bat lortzea... herriaren benetako beharrak eta lehentasunak alboratuz.

1987an beste gatazka garrantzitsu bat jazo zen Atenco aldean. Sea Texcoco sodio bikarbonatoa ekoizten zuen enpresa pribatua paraestatal bihurtu zuen Estatuak, baina 1987an langileen kontratu kolektiboak bertan behera utzi eta berriro ere enpresa esku pribatuetan utzi zuten; Salinas delako bati saldu zion Estatuak, Diaz Ordaz presidente ohiaren suhi bati. Borroka sindikal latza bizi izan zen geroztik. Halere, ordutik Texcocon aireportu bat eraikitzeko asmoa bazuen Estatuak. Sea Texcoco enpresa aireportua eraikitzeko lurretan lekutzen zen. Enpresa itxi behar zuten lehenengo gero kapitalisten egitasmoa aurrera eroateko. 1993an izendatu zuten enpresaren porrota. Orduko eta bertako langileek argi zuten hori ez zela egia, enpresak ez zuela porrot egin, izendapena iruzurra zela. Sei urte luzeko langileen borrokak ostera ez zuen emaitza onik izan eta 1999an itxi zen enpresa. Handik bi urtera jakinarazi zuen Gobernuak dekretu bidez enpresako lurretan aireportu bat egingo zela, baina hegazkinen portuak lur-eremu handiagoa behar zuen eta horretarako nekazariei euren lurrak kenduko zizkietela. Hainbat herri mugimenduk bat egin zuten orduan gobernuaren egitasmo suntsitzaileari eta lurren lapurretari aurre egiteko, batasun horretatik jaio zen FPDT, oraingoan lurraren defentsak batzen zituen denak. Herri mugimenduaren eta Gobernuaren arteko hainbat elkarrizketa-mahai sortu ziren gatazka konpontzeko asmoz, baina Gobernuak beti legez itxuren mozorroa jantzi zuen, beste behin, ostera mugimenduak ez zuen etsi: poliziaren erasoak aurrez aurre borrokatuz, zauriak elkarri bidean osatuz, aireportua ez egitea lortu zuten. Vicente Foxek ez zuen porrot haren arantza ahaztuko.

Bitarte hartan EZLNk eta zapatistek «La otra campaña» ezaguna ipini zuten martxan, euren proposamenak lau haizeetara zabalduz Mexiko osora.

Iazko apirilaren 27-28an San Marcos egunean jaso zuen San Salvador Atencok 0 ordezkariaren bisita, ongietorri benetan jendetsua eta entzutetsua bizi izan zuten zapatistek. Bitartean Vicente Foxek aireportuaren arantza zuen barruan eta La Otraren arrakasta gero eta handiagoari ezin aurre eginik ikusten zuen bere burua. Baina, oraindik ere bere gorrotoa modurik koldarrenean eta salagarrienean husteko aukera baliatuko zuen maiatzean.

Aireportua eraikitzearen eta «Chiapaseko auzia 15 minutuan» konpontzearen ezintasuna ezin izan zituen onartu, eta indar polizialak bidali zituen herria zigortzeko, jipoitzeko.

Oraindik ere Kongresuak eta senatuak ez dute zigortu maiatzaren 3-4an herriaren kontrako eraso polizial hura, hau da, herriak froga guztiak aurkeztu ditu erasoa salatzeko baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Bestalde, momentu honetan 27 atxilotu gelditzen dira Santiaguiton eta beste hiru Palman.

Baina herri borrokalaria da Atencokoa eta Mexikoko behe-ezkerreko herria, eta zutik diraute. Euskal Herritik elkartasun besarkadarik beroena haientzat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo