GARA > Idatzia > Kultura

Josetxo Oruetaren «Pol eta Val», gaztetxoek gurasoei esan gabe irakurtzeko moduko liburua

«Kontuz: ez erakutsi liburu hau gurasoei». Ohar hori erantsi dio Josetxo Oruetak «Pol eta Val" gazte nobelari. Ez da istorio politikoki zuzena eta zenbait eskolatan «debekatu" ere egingo dutela uste dute editoreek.

Martin ANSO | DONOSTIA

Josetxo Oruetak bere burua literatur munduan ezagutarazi zuen euskaraz «Ortziren hortza» eta gaztelaniaz «El Cantar de Orreaga» izenburua duen nobela historiko arrakastatsuaren bidez. Orain, aldiz, nerabeei zuzendutako «Pol eta Val» umo- rezko kontakizun laburrarekin dator. Oruetak gaztelaniaz idatzi, Joxean Sagastizabalek euskaratu eta Pamielak argitaratu du, Ernesto Murillo «Simonides» komikilariaren hainbat marrazkirekin hornituta.

«Ligatu nahian eta ezinean dabiltzan bi gaztetxo dira protagonista nagusiak -azaldu zuen atzo Oruetak berak-. `Perfektuak' ezizeneko neskak dituzte amets, baina neska horiek ukiezinak dira haientzat. Halako batean, `Perfektuak' istripuz hil dira. Protagonistek, ordea, bahitu egin dituztela uste dute, eta ikertzeari ekin diote. Horrela, Maderov eta Polinski poliziekin egingo dute topo eta hainbat abentura pasatuko dituzte».

«Pol eta Val» ez da kontakizun politikoki zuzena. Horren lekuko da protagonistetako batek hasierako lerroetan egiten duen bere buruaren aurkezpena: «Mutiko normala naiz... sarri aritzen naiz kirolean eta masturbazioan, eta alkoholik sekula ez dut edaten, merkea ez bada».

Umorezko kontakizuna

Zuzentasun politikoa dela-eta, zera esan zuen Oruetak: «Nik ez dakit zein diren zehatz-mehatz mugak, baina garbi daukat nerabeak ez direla tontoak; beno, beharbada batzuk bai, baina ez nerabeak direlako. Haien gustuko kontakizuna idazten saiatu naiz, eta, aitor dut, beharbada ez da gurasoek beren seme-alabentzat nahiko luketen kontakizun eredugarria. Nire asmoa ez zen probokatzea; bestelako kontua da emaitza probokatzailea ote den. Nolanahi ere, umorezko kontakizun bat baino ez da; ez du euskal gatazka konponduko eta irakurleari bizitzaren zentzua aurkitzen ere ez dio lagunduko; baina barre pixka bat egingo du, eta, auskalo, kolesterola arintzeko lagungarria ere izan liteke».

Pamielaren izenean, Manu Lopez Gasenik nabarmendu zuen gazte literaturan, «tarteka», liburu «debekatuak» ere argitaratzen dituztela. «Ez guk liburu `debekatuak' direla esaten dugulako, hala suertatzen delako baizik. Liburu batzuk, argitaratu orduko, espresuki `debekatzen' dituzte hainbat ikastetxetan». Lopez Gasenik liburu horien ezaugarri batzuk zerrendatu zituen: «Ez dira politikoki zuzenak, eskola curriculum orotatik kanpo daude, probokatzaileak dira eta halako sexu osagai bat ere izaten dute». Bada, ezaugarri horiek guztiak ditu «Pol eta Val»ek. «Normalean zirkuitu komertzialetik kanpo geratuko direla jakin arren, guk, tarteka, gustura argitaratzen ditugu horrelako liburuak, toki bat badutela eta zenbait gazteren irakurzaletasuna bultzatzen lagun dezaketela benetan uste dugulako», aitortu zuen Lopez Gaseni Pamielako editoreak.

Joxean Sagastizabalen itzulpen sortzailea

Bere burua donostiar «peto-petotzat» du Josetxo Oruetak, «kultur frantsesekoa» baina. Izan ere, 19 urte egin arte Bordelen bizi izan zen eta egun ere frantsesa irakastea du lanbide. Bere lehen nobela, Orreagari buruzkoa, frantsesez idatzi eta gero Joxean Sabastizabalek euskaratu zuen. «Pol eta Val», berriz, gaztelaniaz idatzi eta Sagastizabalek berak euskaratu du. «Bigarren testu hau hura baino askoz laburragoa dela kontuan izanik -esan zuen Oruetak-, errazagoa izango zela uste genuen; oker geunden, ordea, umorea ez baita itzultzen erraza. Zorionez, Sagastizabal euskarazko umorearen maisu bat da».   M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo