GARA > Idatzia > Kultura

Mariasun Landa, Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai

DONOSTIA

OEPLIk (Haur eta Gazte Libururako Espainiako Erakundeak) Mariasun Landa aukeratu du IBBYk (International Board on Books for Young People) antolatzen duen 2006ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur literaturako «Nobel txikiak» bezala ezagunak dira sari horiek eta bi urtean behin ematen dituzte 1956tik.

OEPLIk du Estatu espainoletik hautagaiak aurkezteko ardura: hautagai bat idazle atalean eta beste bat ilustratzaile alorrean. Oraingo honetan, Galtzagorri elkarteak aurkeztutako euskal hautagaia -Mariasun Landa- aukeratu dute. OEPLIk Estatuan lau atal ditu federatuta. Horietako bat Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea da.

OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek beraien hautagaiak aurkeztuko dituzte, eta, ondoren, haur eta gazte literaturako hamar adituk osatutako nazioarteko epai-mahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleak Kopenhagen 2008ko irailean egingo den IBBYko Kongresuan emango dira ezagutzera.

Andersen Sariak beraien obra osoarekin haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei beren lanaren aintzatespena eskaini nahi die. Ibilbide oso bat saritzen du, beraz. Orain artean, OEPLIk hautagai gisa aurkeztu duen idazle euskaldun bakarra Bernardo Atxaga izan da, 2000. urtean, hain zuzen. Ilustrazio atalean berriz, Asun Balzola aurkeztu zen hautagai bi aldiz, 1988an eta 1992an. Horietako inork ez du lortu ordea, Hans Christian Andersen Saria eskuratzerik.

Andersen Saria mundu mailan haur eta gazte literaturan ematen duten sari garrantzitsuenetakoa da. Hala, saria eskuratu duten idazleen artean daude, besteren artean, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra. Estatu espainoleko hautagai bakarrak lortu du urte hauetan guztietan saria eskuratzea: Jose Maria Sanchez Silvak, «Marcelino Pan y Vino» lanaren egileak hain zuzen, 1968an.

30 titulu baino gehiago

Mariasun Landa Errenterian jaio zen 1949an. 1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakasle da Donostiako Irakasle Eskolan. Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio lanak egin baditu ere, haur eta gazte literaturara zuzendu ditu bere emaririk nagusiak; dagoeneko, alor horretan, 30 titulu argitaratu ditu. Lan horietatik asko katalanera, galizierara, gaztelerara, ingelesera, frantsesera, alemanera, grekora, koreerara, arabierara nahiz albanierara itzuli dituzte. Landak jasotako sarien artean Euskadi, Municheko White Raven eta Estatu espainoleko Kultura Ministerioak ematen duen Sari Nazionala daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo