GARA > Idatzia > Zinema

Herri proiektu izatetik abiatuta, «suaIratxe FRESNEDA filmak inkisizioaren ikuspegia garatu du lagunartean

Inkisizioa hizpide, Eneko Aritza Kultur Elkartea «Sua" film luzearen azken grabaketa lanetan ari da. Tamaina honetako lana aurrera atera ahal izateko, baliabide eskasak herri proiektuaren sostenguarekin kitatu eta, orain, filmean parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Amalur ARTOLA

Pierre Lancre 1609. urtean iritsi zen Lapurdira. Ez zuen denbora asko behar izan sorginkeria egotzita seiehun pertsonatik gora torturatu eta sutan hiltzera kondenatzeko. Euskal Herriaren historiako pasarte zital hau oinarri hartuz murgildu dira Eneko Aritza Kultur Elkarteko kideak euren bigarren «esperientzia zinematografikoan» -lehenengoa, 2002 urtean Urruñan filmaturiko «Eneko Aritza (Orreagako guda)» laburra izan zen, arrakasta itzela lortu zuena-. Ez omen da ohiko filma oraingoa. Unai Igartua elkarteko kidearen hitzetan, «`Aupa Etxebeste!' edota `Eutsi!' gisako film komertzialetatik guztiz bestelakoa da, horiek beste merkatu batekoak dira». Ibarratik abiatuta lagunartean osatutako proiektua da, dirulaguntza eskasak puzteko autogestioa garatu behar izan duena -kontzertuak, garagardo azokak...-, eta materiala -kamerak, proiektoreak, jakiak, ibilgailuak, animaliak, jantziak, muntaiak...- nola edo hala lortu dituena. Zailtasun nabarmenena, ordea, eszena jendetsuetarako partaideak bilatzea izan omen da. Igartuak kontatu duenez, «hasieran gogo eta ilusio handiz ekin genion, baina, bi urte geroago, sarri kosta egiten zaigu filmaketa jendetsuak aurrera ateratzea. Eta honi filmaren zailtasuna gehitzen badiogu, zer esanik ez». Baina, Gorritiko zelataren filmaketarako deialdia astean zehar egin bazuten ere, 22 lagun, 8 zaldi, zakur bat, hainbat basurde eta sagu bat biltzea lortu zuten. Partaidetza hori eskertu eta asteburuko planena «gazteria aktibo mantentzen den seinale» dela-eta, pozik azaldu dira filmaren egileak.

Azken hiru eszenatarako estra bila

«Gure filmaketen helburua ez da izaten eszena ongi irtetea bakarrik. Euskal Herriko jendea ezagutzeko, taberna zuloetatik ateratzeko, jendea aktibatzeko, euskara bultzatzeko, gure historia ezagutarazteko, filmagintza mundua herriari ezagutarazteko, haur, gazte, heldu nahiz adinekoak proiektu berean biltzeko eta, batez ere, ongi pasatzeko antolatzen ditugu», azaldu du Igartuak. Helburu guztiak betez, festa bilakatzen dute filmaketa bakoitza -zenbaitetan bertsolari, trikitilari eta guzti- eta bazkariaz arduratzen diren kideak ere badituzte lantaldean.

Eta jai-giro hori ere nabarmenduko da azken hiru filmaketa-saioetan. Garrantzitsuena -eta jendetsuena- azkena izango da, ekainaren 2ko akelarrea, eta nahi duen orori gerturatzeko deialdia luzatu diote, partaide ugari beharko dituen saioa izango baita (jantziak antolatzaileen kontu, abarkak eramatea eskertuko duten arren). Oraindik kokalekua zehaztu gabe badute ere (erabakitakoan web-orrian jakinaraziko dute), autobusak herri ezberdinetatik ateratzeko asmoa dute eta leizezulo batean filmaketa egin ostean, jaia eta bertan lo egiteko aukera ere izango dela iragarri dute. Beste bi filmaketak Ibarrako Izaskun auzoan eta herriko plazan izango dira. Lehenengoan Erdi Aroko jaia irudikatuko dute eta hemen ere jende dezente beharko dute. Apeu gisa, «guztientzako edaria eta musika» egongo dela azaldu dute. Bigarrena, protagonisten hileta izango da.

Azken filmaketa hauek Mauleko gazteluan, Algortako hondartzan, Azkaraten, Erason, Segurako San Andres ermitan, Bermeon (Aita Guria XVI. mendeko baleontzian Erramun Martikorena arrantzale gisa grabatu zuten, kantu eta guzti) eta Labianoko zalditegian egin dituztenekin bildu eta, muntaketa ostean, filma hainbat lekutan emateko asmoa dute. Dagoeneko hasi dira muntaketa lanak egiten, baina, Igartuaren hitzetan, luze joko duen lana da: «Oraingoz CD batzutara pasatzen hasi gara, segundoz segundo apuntatzen dugu dena, gero horretan lan egiten duen lagun batek muntatzeko erraztasuna izan dezan. Lanik zailena da, soinua, irudiak, argia, mugimenduak eta musika lotu eta gidoia ongi adieraztea ez baita erraza». Estreinaldia urrun ikusten badu ere, hurrengo urte hasierarako filma amaitua egoteko asmoa dute eta, gutxienez, parte hartu duten kideen herrietan emango dutela aurreikusi dute, «filma aurrera ateratzen lagundu dutenek behintzat ikus dezaten».

Deialdiak

Bihar: Erdi Aroko jaia eta sorginak erretzea.

14.00etan Ibarrako

Izaskunen

(Garagardo Azoka ere

egingo da).

Maiatzak 13: Pertsonaia nagusiaren hilketa. Ibarrako plazan 11.00etan.

Ekainak 2: Akelarrea.

Zehaztu gabe (web-orrian jarriko dute).

Harremanetarako:

652 715 800 telefonoan edo kaixo@enekoaritzarenlagunak.net helbide elektronikoan.

Inf.: www.enekoaritzaren lagunak.net helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo