«Mon fils à moi»
M. INSAUSTI | DONOSTIA
Donostiako 54. Zinemaldiko sarituen zerrendaren irakurketak protestak eragin zituen, eta ez da gauza berria, baina ohikoa baino zailagoa izan zen pozik ezaren arrazoi zehatza bereiztea. Epaimahai batek Urrezko Maskor partekatua ematen duenean, barne-mailan iritziak ez datozela bat adierazten du, kanpora begira oreka demokratiko itxura ematen saiatu arren. Erabaki bananduari dagokio meritu berdineko saria, eta zatiketa horretan «Mi hijo» filma izan zen hedabide desberdinetako berriemaile berezien artean adostasun ezik handiena jaso zuena. Susmo funtsatuek Jeanne Moreau izan zuten helburu, bere opilari ikatza arrimatu nahi izan zion epaimahaiko burua. Kritikarien trabesetan film frantsesduna azkeneko postuetan zegoen, beraz, jainkozko antzezlearen esku hartzearen ondoriozkoa izan behar zuen mirariak, inork ez baititu jartzen zalantzan bere irmotasuna eta agintzeko dohain napoleonikoak.
Erabatekoa izan zen denen adostasuna Urrezko Maskorraren erdia «Mi hijo» filmari ematea goitik beherako okerra izan zela iriztean, argi eta garbi baitzegoen saria handiegia zela Martial Fougeron debutantearentzat. Eztabaidagarriagoa izan zitekeen emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra Nathalie Bayeri eman izana, bere antzezteko dohainak honezkero aski egiaztatuta baitaude. Nolanahi den ere, ez da berea antzeztea egokitu zaion pertsonaiaren gehiegikerien errua, hauek azken beltzean zuzendariari egoztekoak baitira. Errealizatzaileak ama posesiboaren rola ikuslearentzat gorrotagarria egin nahi izan badu, bidezkoa da aitortzea bien artean helburua lortu dutela. Arazoa, beharbada, bere profil ez-atseginak eskuetatik ihes egin izana da, urrunegi joan eta erreakzio nahi gabe aurkakoak eragiten baititu ikusleen artean. Bestela ezin da ulertu, lehiaketa emanaldian Kursaalen, ordura arte senar otzana izandakoak bere emazteari emandako lehenengo eta masaileko zaratatsu bakarra txalo artean jaso izana, egunetik egunera gizarte mailan genero-indarkeriaren aurkako jarrera ustez nagusitzen doan arren.
Nahasmendua nagusitu zen filma tratu txarren eta familia abusuen salaketaren eremuan kokatzerakoan ere, beharbada gertakizunaren definizio eskasaren erruz. Nire ustez, filma hasi eta buka maitasun istorio bat da, bikotea ohikoa ez izan eta emakume batek bere semeagatik duen grina neurrigabea jaso duen arren. Ikuspegi horretatik sortu zuen polemika «Mi hijo»-k, bere film-kalitate eztabaidagarriagatik bainoago. Amaren maitasuna mutikoarentzat irentzaile bihurtuko da, modu berekoi eta xurgatzailean, bere pertsona mailako askatasuna errespetatu gabe maite baitu. Semea, bere aldetik, nabarmen nahigabetuta, gaizki ulertu eta okerrago gauzatutako seme-leialtasunari eusten saiatuko da. Bien arteko harremana elkarrekiko mendekotasun psikologikoa bezain irristakorra da. Familiako gainerako kideen jarrera deserosoa txundimenaz kutsatuko diren ikusleei helarazi zaie. Aita hutsaren hurrengoa da eta sekula ez daki gatazkan dauden bi pertsonetatik noren alde egin, eta arreba mutikoari galdutako normaltasuna itzultzen saiatuko da, horretarako amak berarekiko erakutsitako erabateko interesik eza alde batera utzi behar badu ere. Bizitza errealean emakume hau ezgaitzea izango litzateke zentzuzkoena.
Izenburua gaztelaniaz: «Mi hijo».
Zuzendaria: Martial Fougeron.
Antzezleak: Nathalie Baye,
Victor Sevaux, Olivier Gourmet,
Marie Kremer, Emmanuelle
Riva, Michelle Moretti.
Herrialdea: Estatu frantsesa, 2006.
Iraupena: 90 minutu.
Generoa: Familia drama.