GARA > Idatzia > Ikusmira

Royal eta Sarkozy, irudiaren gerra

Segolene Royalen eta Nicolas Sarkozyren artean izandako eztabaidak itzal handia utzi du. Estatu frantseseko prentsari begiratu besterik ez zaio egin behar horretaz jabetzeko. Telebista ideien eztabaida bultzatzeko tresna egokia dela frogatzeko balio omen du buruz burukoak. Bi hautagaien arteko iritzi trukaketak lorturiko «share» izugarriak horrela frogatuko luke. Nolabait, telebista publikoak kanpainan izan duen jarrera eskasa garbitzera datoz irakurketa horiek. Lehen itzulian, hamabi hautagai lehian zirenean, telebistak ez zuen modua egin proiektuen arteko zuzeneko eztabaidak antolatzeko. Ikusgarritasun eza aitzakiatzat hartuta, hautagaien banan-banako desfilea lehenetsi zuten. Alderdi handiei mesede egiteaz gain, erabaki horrekin zerbitzu publikoaren izaera bera kolokan jarri zuten. Kanpaina azken txanpan sartu denean heldu da bi hautagai nagusien arteko eztabaida. Are gehiago, zuzeneko buruz burukoak bi gizarte konzeptu direla jokoan erakusteko balio duela adierazi dute. Izan ere, eztabaida horren mugak ageriak dira. Hauteskundeetatik lau egunera, irudiaren gerra zama handiegia bilakatu zen. Muturreko keinuak ahazturik, ardiaren mozorroa hartu zuen Sarkozyk. Royalek, bestalde, arrotz samar egokitzen zitzaion ehiztariaren jantzia aukeratu zuen. Antzezlanak, hori bai, une ikusgarriak izan zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo