Hizkuntza gatazkaren muinari heldu nahi dio ezker abertzaleak
Heldu den igandean izanen den Hizkuntza Eskubideen Eguna aitzakia hartuta, euskararen egoeraz mintzatu zen atzo ezker abertzalea. «Mendeetako asimilazioaren injustizia gainditzeko» hizkuntza gatazkaren sustraiei heldu behar zaiela nabarmentzearekin batera, EAJ «normalizaziorako mehatxua» dela salatu zuen. «Euskara saldu du Lakuako Gobernuaren kudeaketa ziurtatzearen truke», kritikatu zuen.
Maider IANTZI
Irlandan, independentziaren ondotik, eskoletan gaelikoa erakusten hasi ziren eta horri esker, gaeleraz moldatzeko gaitasuna handitzen joan zen hogei bat urtean. Hizkuntzaren erabilera soziala ez zen neurri berean hazi, ordea, eta hiru hamarkada pasatu eta gero gaitasuna beheraka hasi zen. «EAEko 25 urteotako emaitza eskasek eta joera negatiboek» Irlandako prozesu hori oroitarazten diote ezker abertzaleari.
Hala adierazi zuen atzo Karmele Aierbe eledunak, Iñaxio Agirre eta Mikel Galarza alde banatan zituela, eta arrazoiak eman zituen jarraian: «Azken 21 urteetan 150.000 ikasle euskaldundu gabe utzi ditu eskolak; informazioaren gizartean, ETB1-en audientzia ez da gaur %4ra iristen; Administrazioak gaztelaniaz jarraitzen du lanean, eta euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», azaldu zuen. Are gehiago, euskaldunak bakarrik kontuan hartuz gero, erabilerak behera egin duela ohartarazi zuen ezker abertzaleak, 1982 inguruko urteetan ez bezala. Aierberen hitzetan, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain zabaltzen eta ezin da euskararen geroa bermatutzat eman.
Hiru puntu ere ez Bilbori
Azken asteotako datuek ere agerian uzten dute, ezker abertzalearen aburuz, «Irlandizazio prozesua». Kontseiluak aztertu dituen Euskal Herri osoko 10.000 biztanle baino gehiagoko 66 udalerrien artean bakar bat ere ez da euskara lehenesteko eta sustatzeko hizkuntza politikara hurbiltzen. Hori gutxi balitz, Euskal Herriko hiribururik handienak eta Franco hil zenez geroztik beti EAJko alkatea izan duenak «kale nabarmena» egiten du. 0 eta 10 tartean Bilbo ez dela 3 puntura ailegatzen kritikatu zuen ezker abertzaleak.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere ondorio beltza atera du azken sei urteetan egin dituen txostenetan: hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan eta Administrazio guztietan zapaltzen dituztela nabarmendu du. Azkenik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du euskara normalizatzeko Azpeitiko Udal Ordenantza, Estatu espainolak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearenak (UEMA) indargabetu zituen bezala.
Arazo soziala eta politikoa
«Egoera honen aurrean, EAJ adierazten ari da hizkuntza politika ez dugula eskubideen arloan planteatu behar, dugun legediaren eta plangintzaren esparruan baizik. Horrela doakigu. Irlandizazioa zabaltzeko arriskua gainean dugu, baina arazoa ez da norberarena bakarrik, soziala eta politikoa ere bada», ohartarazi zuen Aierbek.
Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko derrigorrezkoa deritzo hizkuntza gatazkaren sustraietara jotzeari. «Mendeetako asimilazioak euskara galtzea eta konplexua eragitea ekarri du herritar askorentzat. Horregatik, ezinbestekoa da eurek, eragileek eta erakundeek gizartean sustraituta dauden jokabide linguistikoak aldatzeko kontzientzia hartzea eta arauak egokitzeko jarrera kritikoa izatea, euskara ez dakienak ikastea eta eguneroko bizitza euskaraz egitea», azaldu zuen.
Ezker abertzalearen iritziz, Franco hil zenetik 32 urtera EAJ «mehatxua» da euskararen normalizaziorako, «Estatu espainiarrak jarritako mugak hitzartu dituelako PSOErekin eta mendeetako injustizian lorturiko abantailez baliatzen delako orain, euskaldunen eta Euskal Herriaren hizkuntza eskubideak urratuta». Hizkuntza normalizazioa eta elebitasun soziala kontzeptuak kontrajarri zituen Karmele Aierbek: «Elebitasun sozial orekatuaren eta iraunkorraren adibiderik ez da munduan; mitoa da. Elebitasun hori ez da normalkuntza, menperatzea baizik. Testuinguru horretan, euskararen erabilera soziala ez da hazten behar den neurrian, eta hori da, hain zuzen ere, urte hauetan EAJk Euskal Herriari egin dion iruzurra: menpeko hizkuntza politika PSOErekin hitzartzea eta euskara saltzea Lakuako Gobernuaren kudeaketa politikoa ziurtatzearen truke», salatu zuen.
«Ipar Euskal Herriko euskara galtzeko hizkuntza politikarekin ez dago Euskal Herria euskalduntzerik -baieztatu zuen ezker abertzaleko bozeramaileak-. Iparraldean, erakunde berria sortu dute bertakoak liluratzeko, baina euskararen ofizialtasunik gabe, kudeatzeko esparru autonomikorik gabe eta erabakitzeko eskubiderik gabe hutsaren hurrengoa da erakunde horren benetako eragina».
«Nafarroako euskara galtzeko hizkuntza politikarekin» ere alferrik ari direla erran zuen Aierbek. Haren ustez, Nafarroa Baik Alderdi Sozialistarekin menpeko politika hitzartzea, euskararen ofizialtasuna zabaldu gabe, adabakia jartzea litzateke, baina euskararen normalkuntza eta Europako hizkuntzen arteko berdintasuna lortu gabe beti.
Egoera hobea bada ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mendeko politikarekin ere ezinezkoa da, Aierberen arabera, euskara erabat normalizatzea, «EAJren eta PSOEren sasi-normalkuntzak gezur sozial handia baitu oinarri eta Irlandizazio prozesua begi bistakoa baita, bai EAEn, Euskararen Legearen 25. urteurrenean, bai Nafarroa Garaiko mendialdean». Iraganeko galeren kalte-ordain etiko, politiko, ekonomiko eta kulturalak kitatzeko hizkuntza gatazka eta bere ondorioak gainditu behar dira, ezker abertzalearen ustez.
«El objetivo de nuestro proyecto político es conseguir una Euskal Herria euskaldun compuesta por ciudadanos plurilingües. Sin embargo, no planteamos crear un Estado vasco independiente ahora, como quiere hacer creer Josu Jon Imaz», aclaró ayer la izquierda abertzale. Según explicó la portavoz Karmele Aierbe, lo que propone la nueva política lingüística para recuperar el euskara es un ámbito de transición con derecho a decidir, oficialidad del euskara y uso exclusivo en municipios donde los euskaldunes constituyan más del 70% de la población.
La izquierda abertzale considera necesario crear un marco democrático que permita la puesta en práctica de todos los proyectos políticos y lingüísticos, incluido el Estado independiente vasco, con el refrendo libre y democrático de la mayoría de la ciudadanía. Considera que es tiempo de realizar una nueva política lingüística, solucionar el conflicto de las lenguas, vencer la injusticia de la asimilación. Por eso anunció que participará en las actividades que ha preparado Euskal Herrian Euskaraz para el fin de semana en Atarrabia, Burlata y Azpeitia.