TXIRRINDULARITZA UCI Pro Tour
McEwen-ek erorikoa ekidin eta bigarren saioa irabazi du
Txirrindulari australiarrak denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi du
LUCENS
Robbie McEwen australiarrak irabazi zuen atzo Romandiako Tourreko bigarren etapa, Le Chaux de Fonds eta Lucens herrien arteko 166,9 kilometroko saioan. Sailkapen nagusian, Paolo Savoldelli (Astana) italiarrak lidergoari eutsi zion inolako arazorik gabe.
Azken metroetan, sekulako erorikoa egon zen taldeburuan, eta hamar bat txirrindulari erori ziren. Predictor-Lotto taldeko McEwenek, ordea, zortea izan zuen berriro ere, eta azkarrena izan zen helmugan, Bozic (LPR) eta Gasparotto (Liquigas) menderatuta. Aitor Galdos (Euskaltel-Euskadi) euskalduna zortzigarren sailkatu zen.
Bouyges Telecom taldeko Nicolas Corsbiek 60. kilometroan ihes egin zuen, eta protagonista izan zen, tropelarekiko 9.40ko aldea izan baitzuen. Edonola ere, helmugatik 15 kilometrora harrapatu zuten frantsesa.
Hortaz, tropela batera heldu zen azken zatira. Txirrindulariak esprinta prestazen hasi ziren, baina Leonardo Duque (Cofidis) kolonbiarra erori egin zen, eta beste hainbat txirrindularik bide bera segitu zuten.
Beti bezalaxe, McEwenek ezin hobeto ekidin zuen erorikoa, eta aise gailendu zen. Australiarrak denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Australiako Down Underreko eta Tirreno-Adriatikoko itzulietan nagusitu zen, eta sasoiko azaldu zen hurrengo Giroari begira.