Aizkora Urrezko lehiaketa
Aurrera egiteko azken aukera izango du Peñagarikanok
Joxemari Olasagastik Iñaki Azurmendi menderatzen baldin badu, finalerdietan izango da
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkolarien Txapelketan, asteburu honetan jokatuko dituzten saioetan gauza dezente argituko dira. Izan ere, multzo batean Peñagarikano kanpoan gera daiteke, eta bestean Olasagastik finalerdietarako bigarren txartela lortu dezake.
Orduñan, etzi 12.30ean, Arrospide eta Peñagarikano neurtuko dira. Multzo honetan lehen jardunaldia izango du Leaburukoak, baina bigarrena izango da Beizamakoarentzat. Horrek, joan den asteburuan Larretxearekin galdu egin zuen, eta lehiaketan bizirik jarraitzeko azkeneko aukera izango du. Galtzen badu lehiaketatik kanpo geratuko da, eta irabazten badu, Arrospideren eta Larretxearen arteko deman gertatzen denaren zain egon beharko du.
Etzi, berriz, Idiazabalen neurtuko dira Azurmendi eta Olasagasti. Multzo honetan lehen saioa izango dute Arriarango aizkolarierentzat eta bigarrena, berriz, Igeldokoarentzat. Horrek garaipena lortzen badu, finalerdietako txartela lortuko du, joan den astean irabazi egin baitzion Lopezi. Galtzen badu, azkeneko jardunaldian Azurmendik eta Lopezek egiten dutenaren zain geratu beharko du.
Honako lan hauek egin beharko dituzte. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztuta hasiko dira. Gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu beharko dute. Ondoren neurri bereko enborra zutik erdibitu beharko dute. Gero, 60 ontzakoa moztuko dute. Jarraian, oin bateko bat etzanda, eta bestea zutik moztuko da, eta azkenik, bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko izango dituzte.
Helduen saioez gain, gazteenak ere izango dira. 23 urtez azpikoetan bihar Urduñan izango dira Mugertza II.a eta Rodriguez II.a, 19.00etan. 18 urtez azpikoetan, berriz, etzi arratsaldean Idiazabalen jokatuko duten jaialdian, Mugertza III.a eta Kañamares III.a neurtuko dira. Gauzak normal joaten baldin badira, Mugertza anaiek aurrera egin beharko lukete.
Helduen lehiaketan bi norgehiagoka ikusi ahal izango dira asteburu honetan. Bihar Arrospide eta Peñagarikano neurtuko dira Urduñan, eta etzi, berriz, Idiazabalen, Azurmendi eta Olasagasti lehiatuko dira
Gazteen txapelketan ere bi neurketa izango dira. Bihar, eta 23 urtez azpikoetan, Mugertza II.a eta Rodrguez II.a izango dira aurrez aurrez, eta etzi, 18 urtez azpikoetan, Mugertza III.a eta Kañamares neurtuko dira