GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarazko irakaskuntzaren egoera ez dela hain larria azaldu du UPNk Errotxapean

Patxi Larraintzar eskolako gurasoak aspalditik dabiltza euren beharrak aseko dituen eskola berri bat aldarrikatzen. Atzokoan politikarien arteko mahai-ingurua antolatu zuten erantzun bat eskatzeko. UPN ere bertan egon zen, baina arazoari larritasuna kendu zion.

Jasone MITXELTORENA

Iruñeko Errotxapea auzoko Patxi Larraintzar eskolako guraso elkarteak deituta, Nafarroako alderdietako ordezkariak mahai-inguruan bildu ziren gurasoen eskaerak direla-eta emango dituzten erantzunak ezagutzeko. Guztiak egon ziren, PSN izan ezik. Gurasoek auzoko hezkuntza eskaera, eta zehazki D ereduan ematen dena, azaldu zuten eta lau puntutan oinarritutako galderak zuzendu zizkieten politikariei.

Lehenik eta behin, azken urteetan lehen aldiz matrikulatzen direnen %85ek auzoan ikastea eskatzen dutela jakinarazi zuten, eta horietako %20ek kanpora joan behar izaten dutela jakinarazi zuten. UPNren izenean, Javier Marcoteguik estadistiketan oinarrituz egoera hain txarra ez dela adierazi zuen. Teresa Ardanazek, CDNren izenean, Errotxapeako kasuan oinarritzea egoera partzialki azaltzea dela esan zuen. NaBairen izenean erantzun zion Patxi Telletxeak: «Gure ustez, guraso guztiek izan behar dute seme-alaben hezkuntza eredua eta ikasteko lekua aukeratzeko eskubidea, batez ere auzoan bertan eskolaratzeko eskubidea».

Miguel Izuk EB ordezkatzen zuen eta Errotxapeako kasuak hezkuntzan dagoen arazoa nabarmentzen duela esan zuen: «Azken urteetan Iruñerriko hazkunde demografiakoaren gaineko planifikazio falta izan dela ikusten da kasu honekin. Aldaketak aurreikusi eta baliabideak bideratu beharrean, behin arazoa larria denean konponbidea ematea izan da hemengo administrazioen dinamika». Marcoteguiri erantzuteko, datuak estadistiketan urtu daitezkeen arren harek aipaturiko «gutxiengoak» eremu zehatzetan biltzen direla jakinarazi zuen. Espe Iriartek, IASeko kideak, arazoa larria dela eta konponbidea zaila izanen dela azaldu zuen. Eskolaratzea auzoan ematearen garrantzia nabarmendu zuen, eta Gobernuak duen utzikeria gaitzetsi zuen.

Gurasoen bigarren galdera eskola berria noiz egingo den edo zer konponbide proposatzen den izan zen. Telletxeak ez zuen konpromisorik hartu, lehenik balorazio bat egin behar dela uste duela azaldu zuen. Izuk ingururako eskola baten beharra nabarmendu zuen, eta Espe berriz, auzoka, eskola txiki baina ugariak izatearen alde agertu zen. Ardanaz ados agertu zen, baina ez Marcotegui; bere ustez, planteatutakoa utopia hutsa da.

D ereduari zailtasunak

D eredua bultzatzeko zein egitasmo proposatzen diren jain nahi izan zuten gurasoek. Marcoteguik eredu horrek gainerakoen egoera bera duela esan zuen, ez dagoela desberdintasunik. CDN hizkunzten aldekoa dela jakinarazi zuen Ardanazek. Telletxeak gehiago egin behar dela erantzun zion, eta British egitasmoak D ereduarekin bateragarri izan behar duela. Izuk ereduetan oinarrituriko eskolak ikasleen bereizketa dakarrela eta egungo politika gaitzetsi zuen. Iriarte ere ados agertu zen, bere ustez, euskararen eskaera asetu behar da, ikasketak ingelesez ematea bultzatu aurretik, lehenik eta behin, bertakoak eta ofizialtzat onartuak direnak bermatu behar dira, hezkuntzan eta arlo guztietan.

D ereduko hezkuntza-kalitatea goraipatu dute

D eredua eskaintzen duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendariek datorren ikasturterako eskaintza aurkeztu zuten. NIZE elkartean biltzen dira zuzendari horiek. Publikoa izanik, irakaskuntza prozesuan parte-hartze demokratikoa eskaintzen dutela nabarmendu zuten. Horrez gainera, euren eskolak auzo edo herrietako giza-testuinguruaren isla direla azaldu zuten eta eguneroko bizitzaren osagarri garrantzitsutzat jotzen dute. Eskaintzen duten kalitatea ere nabarmendu zuten, D ereduko kalitatezko Hezkuntza Publikoa izendapenak adierazten duen bezala. Helburu akademikoez gain, aspektu linguistikoak, kulturalak, afektiboak eta bestelakoak ere lantzen direla esan zuten. Hizkuntzari dagokionez, bertakoak diren biak eta atzerriko bat eskaintzen duten bakarrak direla oroitarazi zuten. Bertakoa izanik, euskal kultura defendatzen dutela nabarmendu zuten, gainerakoak ere kontuan hartuta beti ere. J.M.

baliabide urriak

Alderdi gehienak gurasoen eskaerak betetzeko baliabideak jartzeko beharrarekin ados azaldu ziren. Gobernuak bertzelako egitasmoei ematen dien bultzada kontutan hartuta, adibidez, pribatuak diren arloei, publikoak alboratzen dituela gaitzetsi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo