GARA > Idatzia > Txirrindularitza

TXIRRINDULARITZA Agritubel remo Patrocinio

Mikel Gaztañaga ezagun bilakatu da Estatu frantsesean

Txirrindulari gipuzkoarrak Vendeeko klasikoa eskuratu zuen eta Frantziako Kopa du denboraldiko helburu nagusia; Tourra, berriz, ez du gogokoen aurten

Unai IRARAGORRI | BILBO

Igandean, Mikel Gaztañagak ospeko garaipena erdietsi zuen Estatu frantsesean, Vendeeko Tour klasikoa, hain justu ere, eta Agritubel taldearen helburu nagusienatarikoa bete zuen erabat. Hiru urte eman ditu maila gutxiko taldeetan, eta aurten Tourrean aritzeko aukera izan lezake, baina ez du uste sasoian helduko denik. Hemendik aurrera, garaipen gehiago pilatzea espero du Itsasondoko 27 urteko esprinterrak.

Vendeeko proba Frantziako Kopakoa da, txapelketa oso entzutea mugako beste aldean. «Oso garrantzitua da, batez ere, taldearentzat», baieztatu du. «Zalantzetan» hartu zuen parte, Paris-Roubaix infernutik igaro ondoren.

«Nazioarteko kriteriumean eta La Sartheko Itzulian sasoian nintzen, baina jarraian Roubaixen lehiatu ostean beherakada nabarmena izan nuen. Izan ere, aurreneko astean beste bi klasikoetan aritu nintzen eta ahultasuna nabaritu nuen. Dena den, Vendeeko proban, indartsu ibili nintzen eta dena ondo atera zen», esan du.

Vendeeko proba baino lehen, Nazioartekoan eta La Sarthen gertu izan zuen garaipena eta igandean eskuratu zuen azkenean. «Kriteriumean irabazteko aukera handia izan nuen, baina hirugarren besterik ez nintzen sailkatu. Ezin izan nuen irabazi, oraingoan, behintzat, garaipen ona erdietsi dut», azaldu du.

Laugarren denboraldia du profesionaletan gipuzkoarrak eta ez du ibilbide errezena izan. Hain zuzen, 2002. urtean Portugalgo Matesican egin zuen estreinaldia, baina Baquen bete zuen urte osoa 2004. urtean, eta Angel Mir eta Atom talde kontinentaletan aritu zen azkeneko bi urteetan. Iaz, hiru garaipen pilatu zituen eta horrek Agritubel taldearen ateak ireki zizkion, eta jauzia eman du. «Gustura nago, ez du zerikusirik beste taldeekin. Jarrera oso ona dute nirekin, eta orain irabazita, gehiago. Talde handia da eta egutegi zabala dut, garaipenak eskatzen dituzte, eta ni lasterketak irabazteko prest nago.

Zalantzak

Iaz, Agritubel Tourrean lehiatu zen eta aurten aukera asko ditu, hasiera kaskarra egin duen arren. «Urduritasuna» onartu du Gaztañagak. «Oraindik, Tourraren gonbidapena ez da segurua eta presioa dugu lasterketetan. Aurten makal hasi da taldea». Agritubelek gipuzkoarra Tourrean lehiatzea nahi du, baina txirrindulariak ez du hain argi ikusten. «Ez dut neure burua Tourrean ikusten oraingoz».

Hurrengo astean, Portugalen lehiatuko da eta merezitako atsedena hartuko du. Bigarren zatian, Frantziako Kopa izango du jomuga, bigarrena baita sailkapen nagusian, Sebastien Chavanelen atzetik. «Frantzian oso garrantzitsua da bai taldeko sailkapena bai eta sailkapen nagusia ere; talde guztiak topera hartzen dute parte. Nik, berriz, kementsu aterako naiz, azken garaipena lortuta».

Gainera, Gaztañaga ezaguna da orain Estatu frantsesean. Gainean ditut aurkaria, baina talde ona dut alde eta horrek mesede egiten dit.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo