GARA > Idatzia > Ikusmira

Gehien ematen dutenek gutxien jasotzen dute

Ez da kontu berria gure gizartean, diskurtsoak diskurtso, genero ezberdintasunak desagertu arte bide luzea dagoela, nola lan munduan hala etxean, kalean... eta gizarteak «paper banaketan» emakumeari amarena, etxekoandrearena eta, ondorioz, zaindariarena ere esleitu diola. Zeregin horrek, ardura handi eta neketsua izateaz gain, badu eragina zaindariaren osasunean, Emakundek sustatutako azterketa baten arabera. Hartara, genero ezberdintasuna osasunaren arlora ere zabaltzen da, eta paradoxa triste bat agertu: besteez gehien arduratzen denak, besteak zaintzen dituenak, zaintza gutxien jasotzen du; hau da, gehien ematen duenak gutxien hartzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azterketen arabera, familiak arduratzen dira mendeko pertsonen %73 zaintzeaz; gainerakoak herri-zerbitzuek, %10, edo zerbitzu pribatuek zaintzen dituzte. Datu horiek Administrazio horren zerbitzuen gabezia jartzen dute agerian, baina baita gizarte osoaren gabezia ere: familia barruan emakumeek hartzen dute beren gain zama hori, «dagokien» papera delakoan. Gizarte moderno batean bizi omen gara, guztien eskubideak aitortzen omen dituena, baina asmoetatik harago, bada garaia egunero ikusten den egoera horretaz hausnartu eta kontzientzia hartzeko. Zuzentasun kontua da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo