GARA > Idatzia > Gutunak

Imanol Azpiroz eta juanjo Olaizola Zubietako alkate ohiak eta Zubietako Herri-Batzarraren partaideak

Erraustegizaleak

Gipuzkoarrok denbora luzez jasan behar izan dugu erraustegiaren alde diren alderdien politika. Gai honetan lotsagarri aritu dira, gezurra esateko lotsarik gabe, eta herriaren borondatea entzun gabe. Dena dela, komunikabideak euren esku eduki arren, ez dira gai izan jendea konbentzitzeko. Are gehiago, zaborra kudeatzeko guk egindako proposamenak, pixkanaka onartu beharrean izan dira, hori baita Europan hartutako azkeneko norabidea.

Ez da harritzekoa, errauste plantaren alde egiten duten alderdi guztiek -EA, PNV, PSE eta PP- parte-hartzea ulertzeko duten modu bera izatea. Alderdi hauek bi aste hauetan saiatuko dira hau eta bestea agintzen, eta gaizki egindakoak ezkutatzen. Hauteskundeak pasa ondoren, ordea, herritarrekin ahaztuko dira. Herritarra azaldu ere ez egitea da beraien helburua. Horren adibide ugari ditugu; Luis Mari Ormaetxeak (Usurbilgo alkatea) plenoak egiteko aukeratutako ordutegiak, Odon Elorzak Errauste plantaren kokapena Zubieta zela erabakitzeko egindako plenoa...

Gu, berriz, beste eskola batekoak gara. Zubietako Herri-Batzarra izan da gure eskola. Instituzio xumea, kontrolpean izateko oinarrizko ahalmen juridikoa, dirua eta beste baliabideak behin eta berriro ukatu zaiona. Hala guztiz ere, gure lanerako gogoarekin gainditu dugu hori guztia. Guk ez dugu ezertxo agintzen. Orain arte bezala, lanera gatoz; horretarako, zuen laguntza behar dugu. Erraustegiaren aurka egiteko, modu alternatiboak jarri behar ditugu.

Orain zaborren kudeaketa eta politika egiteko modua sustraitik aldatzeko, udalak lortu behar ditugu; San Markoseko Mankomunitatera eta beste guztietara iritsi beharra daukagu. Foru Aldundian eta herri askotan gure listak zakarretara bota dituzte. Orain aurrera egitea lortu dugun herrietan, ardura handigoa dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo