Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Benedikto kutsatuta al dago?
Benek bidaia bat egin du Brasilera eta ederrak bota ditu bertan; besteren artean, indioei zuzendu zaie: europarrak Ameriketara iritsi zirenean, eroandako kristautasunari esker lortu zutela duintasuna eta berriro ere antzinako erlijioak indarrean jartzeak ez diela onik ekarriko. Egia esan, ohikoa denez, ez nuen berri onik itxoiten gure Benegandik, ez dago sasoi onean eta adinak kaltetzen hasi dio garuna, honez gain Sebastian, Camino eta Roucorenak entzunda, epidemia baten aurrean gaudela iruditzen zait.
Ia! Izan gaitezen serioak, zelan onartu dezakegu, dakiguna dakigula, Amerikako jatorrizkoek zerbait ona lortu dutenik europarrek egindako inposaketei esker? Zelan pentsa dezakegu milioika indio erailak izanda, onerako izan zenik? berdin ulertu behar dugu naziak gerra bat eginagatik eta 6 milioi judu gas-kanpoetan erailtzeagatik? Edo leku berean homosexualak, errusoak, ijitoak, errepublikarrak... hiltzeagatik? Edo Hutu eta Tutsien arteko gatazkan milaka eraildakoak izanagatik zer lortu zuten? Eta Tasmanian? eta Australian jatorrizkoek sufritu dutenagatik?.. hurbilagokoak ez ditut aipatuko, badaezpada ere.
Ikusten denez, entzule gisa gaudenak oso erraz izaten dugu aldeko argudioren bat bilatzea, bestela zelan ulertu gure isiltasuna? hurbilekoa delako esataria? Akaso kristauak sentitzen gara? Horrela bakarrik uler dezakegu Brasilen botatako astakeria eta hemendik emandako erantzuna, ezer ez! Berriro indioak bakarrik sentitu izan dira, baina ez mutu, Makuxi tribuko Dionito Jose de Souzak amorruz gogoratu ditu Kristauak izan zirela Jesukristoren izenean esklabutzara bultzatu, gaixotu eta beraien kulturak desagertzeraino eroan zituztenak. Dionitok aipatu zuen, Estatuak erabili zituela Eliza eta eliz andre-gizonak jatorrizkoen kontra lan zikinena egiteko. Ezin zaie ahaztu sekta horretakoek bedeinkatu zituztela armak eta kanoi hiltzaileak, jauntxo eta esplotatzaileak... eta berriro bueltatu direla erlijioa inposatzera, beldurra sartzera... beraien bizimodua desagertu arte.
Ezer ez berririk, gutxiago Amazonas inguruan, asko oraindino erreserbetan, bizi direnentzako, gure sistemari beldurrez begiratzen dutenentzat, beharrezkoa zen horrelako irainak eta etsipenak? Baina erdi aroko moda jarraitzen duen gizon batengandik ezer gutxi espero dezakete urtetan bere ondasun guztia lapurtzen ikusi dutenek.
Ase barik oraindino, Benedikto, ezen hor geratu eta gogorragoak bota zituen Evo Morales eta Chavesen aurka, beraien politikak gaitz modura salatuz. Hori bai, ezer gutxi haiek agintzen dituzten herrialdeetan kapitalismoa delako, bizitako txirotasuna eta injustiziak salatzeko.
Esandakoa, nire ustez, epidemia berri bat dago zabaltzen Erlijio andre-gizonen artean, espero dezakegu kutsagarria ez izatea, osterantzean auzitegi gorenekoak eta konstituzionalekoak zerbait egin beharrean izango dira, eta nola ez Zapatero, Rajoy, Josu J. Imaz eta beste pertsonaiatxuak ere sartu beharko dira lanean... puf! Hobe pentsatu ere ez, demagun Bene beroak jota zorabiatu egin dela eta berriz lelokeriak esaten hasi dela. Amen!!