GARA > Idatzia > Euskal Herria

Basagoitiren «aurpegi gogorra» salatu dute Bilboko okupek

«PPko buruzagien eta bereziki Antonio Basagoitik duen aurpegi gogorra» salatu dute Bilboko Okupazioaren aldeko Mugimenduko kideek. PPren alderditik Bilboko alkatetzarako hautagaiak gaztetxeetan ari den jendea Bilbotik botatzearen alde agertu zen eta orain, gaztetxeetan lanean ari direnak argi utzi dute «gure auzoetan lurra hartu eta gero gezurretan ari direla. Eskumuturreko alderdiek ez dute eragiten auzoetako bizitza soziala» azaldu dute.

Kepa PETRALANDA |

Zazpi Katu gaztetxeko kideek eta oro har Bilboko Okupazioaren aldeko Mugimenduaren (BOM) izenean atzo hainbat gazteek esan zutenez, «PP bera bada hainbat eta hainbat arazoen iturria. Gu, gaztetxeetan ibiltzen garenok, gazte gatazkatsu eta gaizkileak garela esaten dute, baina oso ezagunak diren terroristekin batera, besteren artean, George Bushekin batera, nazioartean hainbat eta hainbat biktima eta hildako sorrarazten dituen eraso eta gatazketan parte hartzeko ez dute inolako arazorik PPkoek».

Alderdi horren morala bikoitza gogor kritikatu zuten gazteek, bereziki, gizarte ereduari buruzko diskurtsoa. «Miloika langilek ez dute medio ekonomikorik hilabete bukaerara ondo heltzeko eta ehunka mila pertsonek etxea ordaintzeko 50 urtetarako hipotekak sinaturik dituzte. Hori da PPk defendatzen duen gizarte eredua, baina bitartean, luxuzko kotxeetan ibiltzen dira Basagoitiren alderdikideak golf zelaiekin jositako inguru pribatuetan», salatu zuten Bilboko gaztetxeetan ari direnek.

«Faxisten kontra»

Gaztetxe eta lokal okupatuetan lanean ari direnak eta aisiarekin gozatzen dutenek argi eta garbi salatu dute «PPko buruzagi eta, bereziki, Antonio Basagoitik duen aurpegi gogorra, egunotan gure auzoetan lurra hartu eta gero, gaztetxeei eta gaztetxeetan ibiltzen den jendeari buruzko gezur borobilak esaten». Horren harira, auzokideei gonbita egin zieten «gure gaztetxea bisitatzeko, benetako errealitatea ezagutarazteko».

«Bilbo hirian betidanik faxisten kontrako sentimendua nagusi» izan dela gogoratu eta gero, bilbotarrei «horrelako jendeak hiriaren gizarte eta herri sentimendua ez apurtzeko» eskatu diete gazteek.

Prentsaurrekoan eskainitako balorazioaren arabera, Bartzelona, Berlin, Amsterdam edota Hanburgo aipatu zituzten gizarte mugimendua eta hedatze kulturalaren adibide modura eta PPk, alderantziz, «poliziaren hedatzearen aldeko apustua baino ez dakite egiten», esan zuten.

Gainera, gazteen arabera, «Marbella edota Marina d'Or bezalako adierazle kulturalak dituzte, guk aldiz, argi dugu auzoetako bizitza mugimendu sozialek eragiten dutela eta ez eskumuturreko alderdiek. Hala ozen galdetzen diogu Basagoitiri ea auzo elkarte batean sartuta egon den bere bizitza osoan, naiz eta Madrilen izan, jaio zen hiria hain zuzen».

Horrekin batera, «okupazioaren aldeko mugimendua gero eta sendoagoa dela esan nahi diogu Basagoiti jaunari, eta Bilbon jaio, hazi eta bizi garenoi ez gaituzte hemendik botako, ezta kanoiak erabilita. Kaleetan ikusiko dugu elkar» gehitu zuten bukatzeko Bilboko okupek.

Bestetik, Donostiako Txomin Enea inguruan duela hilabete batzuk etorkin talde batek okupatzen zuen etxe bat hustu egin zuten atzo udaltzainek. Datorren astelehenean botako dute eraikina.

faxismoaren aurka

«Bilbo hirian betidanik faxisten kontrako sentimendua nagusi» izan dela esan dute gazteek eta «horrelako jendeak hiriaren gizarte eta herri sentimendua ez apurtzeko» eskatu diete Bilboko auzokideei.

ezta kanoiekin ere

«Bilbon jaio, hazi eta bizi garenoi ez gaituzte hemendik botako, ezta kanoiak erabilita ere» erantzun diote Bilboko Okupazioaren aldeko Mugimenduko kideek Bilboko alkatetzarako PPren hautagai Antonio Basagoitiri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo