Aizkora Gipuzkoako Txapelketa
Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko dute Legorretan
Hamabi aizkolari neurtuko dira hiru multzotan banatuta, eta sei onenak lortuko dute uztailaren 7an Usurbilen jokatuko duten finalerako txartela
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Udaberia heltzearekin batera, hastera doaz lehiaketa ofizialak ere, eta aizkolariek igandean, etzi, alegia, Legorretan izango dute estreinaldia. Bertan, Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatuko dute, 18.30ean hasita.
Legorretan honako aizkolari hauek izango dira: Aierbe II.a, Alkizalete I.a, Elorriaga, Esnaola, Lasa, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Mujika, Otaegi, Telletxea, Ugarteburu eta Zubizarreta. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu.
Aizkolariak hiru txandatan banatuta arituko dira lehian, eta amaieran sei denborarik onenak dituzten aizkolariek, finala jokatzeko txartela eskuratuko dute. Final hori uztailaren 7an jokatuko dute Usurbilen.
Kanporaketa horrek ikusmin dezentea piztu du, izen handiko aizkolariak baitaude bertan. Joxe Ugarteburu da gehienen ustez faboritoetako bat. Ia hogei urte lehiaketetatik kanpo egon ostean, iaz itzuli zen txapelketetara, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela lortzeaz gain, Gipuzkoako Bigarren mailakoan bigarren izan zen. Aurten txapela lortu nahiko du.
Dudarik gabe, finalean izateko hauatagaietako bat bera da, baina jendeak Jexuxmari Lasa ere ikusi nahi du. Legorretako aizkolariak apustua dauka hemendik hilabete barru Txapartegiren aurka. Nahiz eta aizkoran eta segan duen jokoa egina, zaleek ikusi nahi dute zer nola dagoen, Urrezko Aizkoran Peñagarikanoren aurkako saioan nahiko itxura kaskarra eman baitzuen. Bera ere finalean izateko hautagaien artean dago.
Badirudi faboritoak bi horiek direla, baina lehia gogorra izango da. Aierbe II.ak lan bikaina egin zuen Urrezko Aizkoran, eta bera ere oso kontuan hartu beharko dute. Mujikak ere mailan gora egin du, eta bera ere ez dago bazterrean uzterik. Elorriaga ere Legorretan izango da. Zumarragako aizkolari beteranoak ere ez du kanporaketan bakarrik geratu, eta gertutik zaindu beharrekoa da. Aizkolari gazteak ere bertan izango dira. Mugertza anaiak, Alkizalete I.a edo Otaegi, eta haiek ere ikusi nahi ditu jendeak.
Zaleek gertutik jarraitu nahi dute Telletxea ere bai. Iaz sekulako lana egin zuen Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketan, eta iaz emandako gorakadarekin jarraitzen duen ala ez jakin nahi du aizkora zaleak. Beraz, aitzakia asko daude etzi arratsaldean Legorretara joateko, eta seguruenik ere, Harripila kiroldegiko harmailak gainezka izango dira kanporaketa hori ikusteko.