Sokatira
Goiherri taldeak lehen jardunaldian egindakoa baieztatu egin nahi du
J.L. | DONOSTIA
Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko dute etzi 11.00etatik aurrera Endoian, Zestoako auzoan. 680 kiloko taldeak neurtuko dira, eta bigarren saioa izango da horientzat.
Honako talde hauek izango dira lehian: Gaztedi A, Gaztedi B, Mutriku, Areso eta Goiherri.
Lehen jardunaldian Goiherri taldea nagusitu zen, eta oso indartsu agertu zen, saioko tiraldi guztiak irabazita. Asteburu honetan berrriro ere garaipena eskuratuko balute, txapela janzteko urrats handia egingo luke. Izan ere, lehen jardunaldian bigarren geratu ziren taldeak berdinduta geratu ziren, berdeengandik puntu eta erdira.
Hala ere, Gaztedik eta Mutrikuk ere nahiko dute txapela lortzea, eta horientzat ezinbestekoa izango da etzi saioa bereganatzea, bestela ia agur esango baitiote lehiaketari.
Bestetik, etzi jokatuko dute Urdazubiko pilotalekuan, 12.00etan hasita, Nafarroako Launako Txapelketako azkeneko jardunaldia.