harri-jasotzea
Maila handiko kirolariak arituko dira Gorostidi Harriarekin lehian
J.L. | DONOSTIA
Harri-jasotzaileen lehiaketak moda-modan daude, eta etzi 18.00etatik aurrera beste bat izango da. Adunan. Bertan Gorostidi Harriaren lehiaketa jokatuko dute.
185 kiloko zilindro zaharra da harri-jasotzaileek jaso beharko dutena, eta bost minutuko txanda bakarra izango dute lanerako. Parte hartuko dutenak, berriz, honako hauek izango dira: Saralegi, Goenatxo, Irigoien, Ostolatza eta Izeta III.a
Iñaki Gorostidi antolatzaileak eta harri-jasotzaile ohiak berak argitu zion GARAri lehiaketa horren nondik norakoa: «Harri hau nik esku bakar batekin jaso nuen orain dela 25 urte, eta urtemuga hori ospatzeko zerbait egin nahi nuen, eta hori antolatzea erabaki nuen. Udaletxera jo nuen, eta ongi iruditu zitzaien, eta aurrera egin dugu», esan zuen.
Gorostidik marka handia egin zuen harri zail hori esku bakar batekin jasota, berak 77 kilo bakarrik pisatzen baitzituen. Hala ere, lehiaketa hori bi eskurekin antolatu dute: «Bai, honekin kirolari gehiagok parte hartzeko aukera eman nahi izan diegu, horregatik erabaki genuen txapelketa bi eskurekin jartzea», esan zuen.
Hala ere, bi txapelketa antolatu dituzte. Hasteko, 100 kilo baino gutxiago pisatzen duten harri-jasotzaileentzat eta hortik gora pisatzen dituenenetzat bestea. Bietako irabazleak 500 euroko saria izango du. Bietako irabazlea bera bada, berriz, berak eramango ditu 1.000 euro. Hala ere, 100 kilotik behera pisatzen duen harri-jasotzaile bakarrak eman du izena, Izeta III.a izango baita 100 kilotik behera dabilen bakarra.
Hala ere, lehiaketatik kanpo badago beste sari bat ere. 100 kilo baino gutxiago pisatzen dituen norbaitek esku bakar batekin harri hori jasoko balu, berak ere 500 eurotako saria eramango luke.
Harri-zulatzaileak
Asteburu honetan ez da izango Euskal Herriko Ligako jardunaldirik, baina bi jaialdi izango dira, eta biak Burdinezko Harri-zultzaileen lehiaketarako baliagarriak izango dira.
Biak egun berean, eta ordu berean izango dira. Bata Portugaleten, eta bestea Balmasedan, eta biak etzi 12.00etan jokatuko dira.
Aurten harri-zulatzaileen elkarteak kirolarien lana ere saritu nahi du, eta horretarako antolatu dute Burdinezko lehiaketa. Horregatik, jokatzen dituzten saio guztietan kirolari bakoitzak egindako lana kontuan hartuko dute, eta bataz beste zulorik gehien egin dituenak jasoko du sari berezi hau.
Berez, Ligarako baliagarriak izango ez diren arren, etziko bi saioak garrantzitsuak izango dira kirolarientzat, eta horrekin saioek ofizialtasunaren itxura osoa hartuko du, Guztiek dena eman nahiko baitute, azken batean jokatuko dituzten lehiaketa guztietan zerbait egongo baita jokoan.