Saileko hiltzaileen filmeen heldutasuna
«Zodiac»
«Seven» egin zuenean, 90eko hamarkadan, «thriller»-aren berriztatzaile bihurtu eta gero, generoaren sasoi onena izan zen 70eko hamarkadara itzuli da Fincher gehienek bere behin-betiko maisulana jo dutena egiteko.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Itxura oso bitxia eduki dezakeen adierazpen batean, bere «Amarcord» partikular moduan definitu zuen «Zodiac» David Fincherrek. Ez da Fellinirekin inolako konparaziorik ezarri nahi duelako, bat etortze estilistiko izpirik ere ez baitu egile honekin, baizik eta gaiari buruz egiten duen interpretazio autobiografikoagatik. Esan nahi duena zera da, «zodiakoko hiltzailearen» kasuak haurtzarotik menperatu diola gogoa, eta lehenago edo geroago amaitu behar zuela pertsonaia misteriotsuari buruzko film bat egiten. Umetan bere belarri tolesgabeetara zeharka irits zitekeen informazioak eragin zion beldur eta jakin-min nahasketan oinarritu da filma egiteko.
Fincherrek gogoan du bera eskolara eramaten zuen garraioak poliziaren eskolta zuela hiltzaileak eskola-autobus baten aurkako atentatua egiteko asmoa iragarri zuelako. Jada behin baino gehiagotan islatu izan du zinema iparramerikarrak halako albiste batek San Frantzisko inguruan sortu zuen psikosi kolektiboa, eta hauxe zen Clin Eastwood-ek «Harry lohia» polizia abentura film klasikoan aurre egin behar zion ageriko arriskuetako bat ere.
Davir Fincherri bere iragana atea joka etorri zitzaion James Vanderbilt-en gidoia moldatzeko eskaini ziotenean eta, horrela, ez zuen inolako arazorik izan James Ellroy-ren «Dalia beltza» eleberria pantailara eramateko agindua albora uzteko. Azkenean, Brian de Palma beteranoa arduratu zen zereginaz, baina erdipurdiko emaitza izan zuen.
Fincherrek gogo handiz eta gauza pertsonal moduan hartu zuen lan hau hasierako zirriborroaren lehenengo irakurralditik, behin-betiko gidoiak zerikusi gutxi baitu hasierako testuarekin. Hain zuzen, historia berridaztea hartu zuen helburutzat eta horretarako kasuaren ikerketa berri bat abiatu zuen bere kasa. Ikerketa horren ondorio izan da filmak oinarrian duen liburua idatzi zuen Robert Graysmith bera zur eta lur utzi duten datu berriak eskuratu izana, azken hau hiltzaileak bere agiriak bidaltzen zituen «San Francisco Chronicle» egunkarian zuen lanpostu abantailatuari esker gertaeren lekuko zuzena izan zen arren. Fincherren ardurapeko dokumentatze lan hain arretatsu eta zorrotzak agerian utzi du berriro bere izaera perfekzionista, harraldi erraz eta ohikoenak ere behin eta berriro errepikatu beharraren beharraz bere agindupeko antzezleak indar-husten dituen zuzendaria izatearen ospea baitu.
Sekula baino arrazoituagoa dago halako itsumena oraingoan, obsesio partekatu baten kronika baita filma, beren bizitzan zehar Graysmith-ek eta kasua sekula itxitzat eman ez zuten gainerako kazetari eta poliziek esperimentatu izan zutena. Eta hainbesterainokoa izan da ezen, berrogei urte geroago, argitu gabe gelditu diren hilketak benetan nork egin zituen galdezka jarraitzen baitute beren buruei.
«Chronicle» egunkariko karikaturagilea izandakoa izan da filmaketa sakon eta xehetasunzalean aholkulari nagusia, eta Jake Gyllenhaal antzezleak atera dio etekin handiena egunkariko erredakzioan «zodiakok» bidalitako mezu kodetuak, batez ere kriptogramak, dezifratzen zituen morroi saiatuaren profil zehatza bilatzeko. Robert Downey Jr.-ek jokatzen du Graysmith-i bere ikerketetan lagundu zion kazetariaren papera, eta «Zodiac» filmak onerako oroitarazi dizkigun 70eko hamarkadako beste hainbat filmen artean bat gehiago den «Presidentearen gizon guztiak» filman azaltzen denarekin antz handia duen kazetari-ikertzaile bikotea osatzen dute biek.
Zuzendaria: David Fincher.
Gidoia: J. Vanderbilt eta D. Fincher.
Antzezleak: Jake Gyllenhaal, Robert Downey Jr., Mark Ruffalo, Anthony Edwards, Brian Cox, Philip Baker Hall, Elias Koteas, Donal Logue, John Carroll.
Herrialdea: AEB., 2007.
Iraupena: 158 minutu.
Generoa: Thriller-a.