GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxiloketan tratu txarrak salatu zituzten bi zarauztarrak absolbitu dituzte Iruñean

2005ean Iruñean Poliziak Iñaki Olabezela atxilotu zuen. Imanol Uria polizia etxera joan zen, eta hura ere preso hartu zuen. Ospitalera eraman zuten buruko zauri bategatik. Epaileak haien bertsioa ontzat eman du orain, baina tratu txarrak ez ditu epaian jaso.

Jasone MITXELTORENA |

2005eko abenduan Iruñean izandako kale istiluetan atxilotu zituzten bi zarauztarren kontrako auzian epaileak ontzat eman du gazteen bertsioa, eta absolbitu egin dituzte Nafarroako Auzitegian. Hala ere, epaiak ez ditu aipatzen auzipetuek salatutako tratu txarrak; Olabezelaren kasuan, atxilotzean jipoitu zutela frogatzen duten lekukoak izan arren. Alde Zaharreko taberna batean atxilotu zuen Polizia espainolak Iñaki Olabezela, eta berei erasotzea leporatu zioten. Imanol Uria, berriz, polizia etxera lagunaz galdezka joan zenean atxilotu zuten. Poliziakide bati botila bat botatzea leporatzen zioten. Uria ospitalera eraman behar izan zuten, buruan zauri bat zuen-eta.

Martxoan egindako epaiketan, 14 eta 12 hilabeteko zigor eskaerak egin zituzten haientzat, «Poliziaren aurkako erasoengatik». Beren salaketak, berriz, aurretik artxibatu zituzten: Olabezelarena, epaileak poliziakideen adierazpenak ontzat eman zituelako. Izan ere, «atxilotzean berak erakutsitako erresistentzia zela-eta, indarra erabiltzera behartuak izan ziren», hain zuzen. Uriarena, berriz, «polizia etxetik ihes egiten saiatu» zelako eta «buruko zauria berak paretaren kontra eragindakoa» zelako artxibatu zuten.

Epaileak ontzat eman du gazteen bertsioa, eta leporatutako egiteetan errugabeak zirela onartu du. Horretarako, haien adierazpenak tinkoak eta informazio zehatzez beterikoak izan zirela argudiatzen du, bai eta bien artean koherentzia dagoela. Defentsa abokatuak eramandako lekukoen adierazpenak ere horrela definitu ditu epaileak. Hori funtsezkoa izan da Olabezelaren kasuan. Uriaren kasuan, defentsak salatutakoa kontuan hartzen du epaiak: Poliziaren lekukotasunak kontraesankorrak direla eta logikarik gabeko hainbat egitate daudela. Leporatutako ekintza Uriak egin izana ez du ontzat ematen, botila jaurti ondoren bere kasa polizia etxean aurkeztea sinestezina delako.

Tratu txarrak ez aipatu

Zarauztarren abokatuak GARA-ri adierazi dionez, harritu egin ziren epaiak euren bertsioa onartu zuelako. Epaileak sinesgarritasun osoa aitortu zienez, salaketa ere kontuan hartu beharko lukeela uste dute. Ez da horrela izan; epaileak ez ditu aipatu ere egiten atxilotuei egindako kolpe eta zauriak, eta, beraz, ez dituzte horien erantzu- leak epaitu. Olabezelak salatutakoa falta bat izan zen, eta preskribatuta dagoenez, ez omen dago ezer egiterik. Uriak, ordea, delitu salaketa aurrera eramateko asmoa du, artxibatua izanik berriro irekitzea prozesu luze eta zaila izanagatik ere.

«epai gazi-gozoa»

Epaileak sinesgarritasun osoa eman die auzipetuen bertsioei, baina horiek salatutako tratu txarrak ez ditu aipatu ere egiten. Hori dela-eta, «zapore gazi-gozoa» dutela adierazi zuen defentsa abokatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo