GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bermeoko XIII. Arrain Azokako saltokiak gaur goizean zabalduko dituzte

GARA |

Saltokiak irekita (11.00etan), beste behin ere, gaur hasiko da XIII. Arrain Azoka, Bermeon arrakastatsu bihurtu dena. Igandera arte izango dira ekimenak, eta hainbat jarduera antolatu dituzte azokaren arduradunek.

Gaur gauean pilota partidak izango dira, eta egunotan hainbat mahai inguru egin dute; besteren artean, bokarta desagertzearen inguruko eztabaida, itsas produktuen berrikuntzari buruzkoak edota arrantza-ontzietako segurtasunaren eta prebentzioaren gainekoak.

Bihar, berriz, Urdaibaiko Belaontzien Estropaden ikuskizuna izango da 10.30ean, eta ordu bat geroago, enpresa erakusketarien produktu berrien aurkezpena. Produktu berritzaileenari saria emango diote kiosko aldean.

Geroago, musika, poteoa, pintxoak dastatzeko aukera eta sarien banaketa egingo dituzte. Igandean, umeen marrazki lehiaketa izango da 11.00etan, eta ordu bat geroago, erraldoiak eta gaita-jotzaileak abiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo