GARA > Idatzia > Kultura

«Jakin»ek 1950.eko hamarkada du aztergai bere azken zenbakian

GARA | BILBO

``Jakin'' aldizkariak iragan mendeko 50eko hamarkadako euskal politika, ekonomia eta gizarteari buruzko gogoeta zabala egiten du bere azken zenbakiko ``Gai nagusia'' sailean. Azaroan antolatu zituzten hitzaldiak jasotzen dira argitalpen berri honetan.

Gai horren inguruko jardunaldiak antolatzearen arrazoiak azaltzen du sarrera testuak. «`Jakin' 1956an sortu zen. Sorrera horren kariaz, 50eko hamarkada nolakoa izan zen Euskal Herrian aztertu nahi dugu. Hamarkada ezezaguna bezain garrantzizkoa da. Urte haietan euskal gizartea azpi-azpitik aldatzen hasten da politikan, kulturan, euskalgintzan. 60ko hamar- kadako loraldiak aurreko hamarkadan du abiapuntua», dio testuak.

Aurreko zenbakian, kultur giroari eta hizkuntz auziei buruzko gogoetak jaso zituen ``Jakin'' aldizkariak. Zenbaki honetan, berriz, euskal politika, ekonomia eta gizarteari buruz Mikel Aizpuru, Emilio Lopez Adan, Mikel Aramendi, Xabier Itzaina, Baleren Bakaikoa, Xabier Aierdi eta Emilio Majuelok esandakoak bildu ditu.

Ikuspegi anitz

Lehen artikuluan, Mikel Aizpuruk euskal abertzaletasunak, erbestean eta Euskal Herrian bertan, zuen egoera aztertzen du. Lopez Adanek hamarkada horretako historia politikoa laburbiltzen du eta Mikel Aramendik, Gerra Hotzaren mehatxupean, nazioarteko gertakari nagusiak.

Xabier Itzainak urteotako giro politiko eta sozialean Elizak izandako jokabidea aztertzen du. Baleren Bakaikoak ekonomia analizatzen du eta Xabier Aierdik orduko euskal biztanleriaren hazkundearen eta migrazio mugimenduen azterketa demografikoa egiten du. Azken artikuluan, langileriaren historiarentzat hamarkada horrek izan zuen garrantzia nabarmentzen du Majuelok.

``Egunen gurpilean'' sailean sinadura berri bat aurkezten du ``Jakin''-ek: Lionel Jolyk heldu dio soziolinguistikaren alorrari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo