GARA > Idatzia > Kultura

«Euskal Hiztegia»ren bigarren argitaraldia ere prestatu du Ibon Sarasolak

GARA | DONOSTIA

Ibon Sarasola (Donostia, 1946) idazle eta lexikografoak «Euskal Hiztegia»ren bigarren argitaraldia prestatu eta kaleratu berri du. Hain zuzen ere, euskaltzain osoak 1996ko lehen edizioaren testua berridatzi du, Euskaltzaindiaren arauetara, eta bereziki 2000. urteko «Hiztegi Batu»ra, egokitzeko.

Bestalde, egokitze lan horren ondorioz, bigarren argitaraldi horrek 2.500 bat sarrera berri ere baditu; «Hiztegi Batua»n bai eta «Euskal Hiztegian» ez zeuden hitzei dagozkienak, alegia.

Hori da, bada, «Euskal Hiztegia»ren bigarren argitaraldi horren bereizgarri nagusia lehen edizioarekin alderatuz gero. Gainerakoan, atxiki egin ditu egileak bai sarreren era azpisarreren egituraketa, eta orobat definizioak eta adibideak, ukitu txiki batzuk gorabehera, aldaketa bat izan ezik sarreren itxuran: lehen edizioan ez bezala, bigarren honetan adiera bakoitzak paragrafo bat osatzen du; hots, adiera bakoitzak beste paragrafo bat hasten du. «Bistaratze» horrekin, beraz, errazago aurkituko du irakurleak bilatzen ari dena.

Lan berria Elkarren bitartez plazaratu dute; 1.056 orrialde ditu, eta 38 euroren truke eskura daiteke.

Ibon Sarasola Lur argitaletxearen sortzaile eta bultzatzailea izan zen (1969-1973). Literaturari buruzko lanak («Euskal Literaturaren historia»), poesi lanak («Poemagintza»), narrazio bat («Jon eta Ane zigarro bat erretzen»), saiakerak («Euskara batuaren ajeak») eta itzulpenak ere egin ditu. Lexikografian, Euskaltzaindiaren «Orotariko Euskal Hiztegia» obra erraldoiaren arduraduna da Koldo Mitxelena hil zenetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo