Titulurako bide luzea Unicaja Malagaren aurka hasten da
Iazko ligako finaleko errebantxa jokatuko dute biek. Gasteiztarren artean Peker ez da arituko, eta, hala, litekeena da Roek minutu gehiago edukitzea debutean
Arnaitz GORRITI | GASTEIZ
Ez da erraza izango, iazko liga txapelduna baitu aurrean, baina Tau Baskoniak gaur 20.30etik aurrera ACB Liga irabazteko lehenengo pausoak eman behar ditu.
Iazko ligako finalaren errebantxa izango den honetan, Bozidar Maljkovic-enek Unicaja arriskutsua gainditu beharko dute final-laurdenetan. Entrenatzaile serbiarraren iritziz, gaurko garaipenak «lasaitasuna» emango lieke arabarrei.
Roe-rekin baina Peker gabe
Gasteizko taldeak azken orduko hutsune bat izango du: Kaya Peker, ezker hankako bikietan zuntz haustura baitu. Aldiz, Planinic, Bilbao Basketen aurka ukalondoan hartutako kolpe baten erruz jokatu ez zuena, jokatzeko prest izango da. Kasualitatez agian, baina partida bikainak jokatu ditu aurten kroaziarrak andaluziarren aurka.
Peker-en hutsunea dela-eta, debut oparoa izan lezake Lou Roek. Ariel Eslavaren ordez fitxatu du Tau Baskoniak hegal-pibot estatubatuarra, bere esperientziak eta kalitateak ekarpen ona emango duelakoan. Orain, ordea, uste baino minutu gehiago izan litzake.
Roeri buruz galdetu, eta taldea harekin «pozik» dagoela aitortu zuen atzo Maljkovicek.
«Eskemak azkar ikasten ditu, beteranoa eta langilea baita. Irekiago jokatzen lagunduko digu, eta Scola eta Splitter freskoago mantentzen ere bai, bide batez».
Bestetik, Unicaja ere zenbait arazorekin dator. Santiago min hartuta zegoela jakina zen, baina Carlos Cabezas antolatzailea ere ez dabil ongi. Eskuineko orkatilako tendoietan arazoak dauzka eta azken unera arte zalantza izango da. Tusek, Faison eta Jimenez ere arazo batzuekin omen dabiltza. Hargatik, Scariolok Faverani eta Sanchez gazteak ere Gasteizera ekarri ditu.
Esperientzia eta erasoan talentua. Horiexek dira hegal-pibot estatubatuarraren ezaugarriak. Kaya Peker-ek bikietan dituen arazoengatik, uste baino minutu gehiago izan ditzake Gasteizko debutean.
Denboraldi irregularra egiten ari bada ere, Zoran Planinic oso garrantzitsua izango da Unicajaren aurka. Egia esan, aurtengo bere partida gogoangarrienak aurkari andaluziarraren aurka jokatu ditu antolatzaile kroaziarrak.