GARA > Idatzia > Editoriala

AHT, herri kontsultaren beldur

Aramaioko herritar talde batek eskatuta maiatzaren 27an, udal eta foru hauteskundeekin batera, Udalak deitu duen Abiadura Handiko Trenaren gaineko herri kontsulta ez da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Gobernu espainolaren ordezkariaren gustuko. Zilegi da edonork horren gaineko iritzia ematea; hala ere, erreferenduma egitea edo ez erabakitzea aramaioarren kontua da, berak baitira AHTren eragina zuzenean jasoko dutenak. Baina horrekin ere ez dator bat Paulino Luesma, eta debekatzeko prozedura abiatu zuen atzo, kautelazko suspentsioa eskatzeaz batera. Eta, bide batez, Euskal Herrian ezarritako demokraziaren kalitatea erakutsi. Kalitate falta, alegia. Ez da erraz ulertzen herri kontsultek eragiten duten beldurra.

Erakundeak kudeatzen dituzten alderdiek behin eta berriz goraipatzen dute beren kudeaketa lan hori, erakunde horiek eskaintzen dituzten zerbitzuen ona, eta abar. Baina AHT proiektua kosta ahala kosta atera nahi izateak kudeaketa tekniko ezin okerragoa jarri du agerian. Eta Luesmaren iragarpenak erakusten duen demokrazia-kontzeptzio kaskar bera erakusten dute herritarrei ateak itxita. Izan ere, proiektu horren historia herritarren parte-hartzearen ukazioaren historia da: informazioa ezkutatuta, eztabaida baztertuta, inposizioaren bideari helduta. Demokraziaren izenean, diote, baina hautetsi kopuruaren argudio bakarrarekin. Demokrazia ulertzeko modu horren arabera, hortaz, herritarren parte-hartzea lau urtean behin botoa emanez hasi eta bukatzen da, are garrantzi handiko eta berei dagozkien kontuetan ere.

Datorren igandean, Aramaio Arabako udalerriko herritarrak AHTren gaineko erreferendumera deituta daude. Baina Gobernu ordezkariaren zoritxarreko agerpenaren ondoren, galdera bat gelditu da airean: zer egingo duten kudeatzaile ustez bikain horiek; harekin eta haren alderdiarekin bat egin edo herritarren ahotsari bide eman. Demokraziari zentzu guztia ematen dion ahots horri, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo