GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gero eta jende gehiago etortzen denez festara, geuk ere jai zabalagoa prestatu dugu»

Xabier Ziriza
sortzen-ikasbatuaz-en jaiaren antolatzailea

Xabier Ziriza Mendilorriko Elorri ikastetxeko Guraso Elkarteko kidea da, eta horiei egokitu zaie, udalerri bereko Mendigoiti eskolako guraso elkartekoekin batera, aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatzea. Xabierrek eta Mendigoitiko Elisa Uhartek jarri dute aurpegia prentsaren aurrean.

Iker IRIARTE |

Bihar egingo dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren 12. edizioa, eta ohi bezala, Iruñeko Takonera parkean egingo da. Aurtengo berrikuntza nagusien berri -festa gunearen hedatzea eta herri bazkaria- eman digu Xabier Ziriza antolatzaileak.

Lehenengo aldia da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia antolatzen duzuena. Espero bezala joan al da? Nola bizi izan duzue esperientzia?

Bagenekien lan asko ekartzen duela halako jai bat prestatzeak, eta horretan behintzat asmatu egin dugu. Hala ere, jende askok hartu du parte antolaketan, eta nahiko ondo prestatuta dagoela uste dugu. Ziurrenik akatsen bat edo beste egon daiteke azken unean, baina orokorrean esan dezakegu nahiko ongi antolatua dagoela.

Laguntza hori, gainera, Euskal Herri osotik jaso duzue: hainbat ikastetxetako guraso elkarteena, haurrena marrazkiak egitean, koreografiak prestatuta... Berriz ere argi geratu da jaiaren eta Sortzen-Ikasbatuaz-en izaera nazionala.

Bai. Hori hala da eta horren froga garbia da hainbat autobus etorriko direla Euskal Herriko hamaika ikastetxetatik. Horregatik besteren artean prestatu genuen herri bazkaria; kanpotik etortzen den jendeak aukera izan dezan jaia goizetik gauera etenik gabe gozatzeko.

Bazkaria aipatu duzu. Euskaldunak oso jatunak garela esan da betidanik. Nabaritu al duzue hori?

Bai, lehendabiziko aldiz egingo da aurten herri bazkaria, eta ez genekien nola erantzungo zuen jendeak. Web orriaren bidez saldu ditugu txartelak, eta orain dela aste bat baino gehiago agortu ziren guztiak. Egia esan, bazkarirako prestatu dugun 400 metro karratuko karpak baditu mugak, baina guztia salduta dago eta harrerarekin oso pozik gaude.

Bazkariarena da berrikuntza nagusienetako bat, baina gehiago ere badira, ezta?

Bai. Aurten lehenbizikoz Antoniutti parkea utzi digute jaia bertan ere egin dezagun, eta hori aprobetxatuta uste genuen jaiak zabalkuntza bat behar zuela. Horri esker, orain leku gehiago dugu ekitaldietarako eta erosoago gaude. Adibidez, Antoniuttin bertan, patinodromoa dago eta hori aprobetxatuta ere skate erakustaldi bat antolatu dugu. Ontzi berrerabilgarriak ere izango dira lehenengo aldiz aurten, eta beste berrikuntza batzuk ere izango dira. Gauza batzuk badaude aurten berriak izango direnak, eta ea nola ateratzen diren!

Aurtengo logoa, harridura ikur bat da. Jendea harriturik utzi nahi duzuela adierazi nahi duzue horrekin?

Ez, gure mezuari indarra emateko erabili nahi dugu. Hasiera batean logoa pentsatzen hasi ginenean, harridura ikurra edo galdera ikurra jarri genituen aukeran, baina eskola euskaldun ona eta publikoa nahi dugula nabarmentzeko lehenengoa garrantzitsuagoa eta egokiagoa dela erabaki genuen.

Hasierako prentsaurrekoan, abestian, jende ezagun mordoak hartu du parte. Zein erakargarri gehiago izango ditu igandeko jaiak?

Nik uste dut orokorrean Sortzen-Ikasbatuaz-en jaia eskola publikoak behar duen lekua aldarrika dezan ospatzen den festa dela. Eta ikusita gero eta jende gehiago hurbiltzen dela, geuk ere jai zabalagoa prestatu dugu: Antoniuttirekin, eta egun osoan zehar mota guztietako ikuskizun eta ekitaldiekin besteren artean: txikientzako, gaztetxoentzako, rock kontzertuak helduagoentzako...

Rock kontzertu horiei, gainera, aurten indar berezia eman nahi izan diezue jende gazte gehiago erakartzeko-edo, ezta?

Bai. Aurten zazpi taldek joko dute 16.30etik 21.30ak arte. Betidanik izan dute rock kontzertuek pisu handia Sortzen-Ikasbatuaz-en jaian. Aurten, ordea, aldaketa bat egitea erabaki genuen: ikusirik goizean ez zirela jende askorengana ere iristen, kontzertuak arratsaldera pasatzea egokiagoa zela iruditu zi- tzaigun. Horrela bada, indar handiena arratsaldean jarriko dugu.

ALDARRIKAPENA

«Sortzen-Ikasbatuaz-en jaia euskal eskola publikoak behar duen lekua aldarrika dezan ospatzen den festa da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo